Haur Hezkuntzan erabili ohi diren baliabideek funtzio ezberdinak dituzte bete nahi diren konpetentzia zehatzen arabera. Mathematizing in preschool: children’s participation in geometrical discourse artikuluak blokeen jokoarekin loturiko ikerketaren emaitzak azaltzen ditu. Lehenagoko hainbat ikerketak diotenaren arabera, blokeen jokoak funtsezko garrantzia du haurren espazioarekiko trebetasunak eta ulermena garatzen laguntzeko. Ikerketa horrek Suediako ikastetxe bateko bi haurrek (Hanna eta Elias) duten “matematizazio” maila neurtzen du, espazioan, forman eta simetrian arreta berezia ipiniz, hots, geometrian. Matematizazioa diskurtso matematikoarekiko sortzen den parte-hartzean datza, hau da, objektu matematiko baten inguruan sortzen den interakzioan edo elkarrizketan.
Hannak eta Eliasek diskurtso geometrikoan azaleratzen duten parte-hartzea aztertzeko, bideo bidez grabatu da saio bakoitzean egindako jarduera bakoitza. Bost urteko bi haurrek, pedagogo baten laguntzaz, hainbat erronkari egin behar diete aurre. Horretarako, forma eta irudi anitzak egiteko jostailu magnetiko baten laguntza izango dute (Geomag). Eginiko analisi horretan haurrek erabilitako baliabide multimodalak aztertu dira, hala nola mintzamena, keinuak, gorputz-adierazpena edo materialaren ingurunearekiko erabilera.
Lana lau ataletan dago antolaturik, eta geometriaren ikaskuntza da xede nagusia. Lehenengo atala espazioaren ulermenean eta horren inguruan egin daitezkeen loturetan oinarritzen da. Horretarako, haur bakoitzak bi eraikuntza desberdin sortzen ditu, batak besteari buruzko iruzkinak egiten ditu, eta norberak eginiko eraikuntzak bestearenarekin alderatzen ditu. Bigarren atalean, hainbat forma geometriko aztertzen dituzte. Bertan, haurrek hasiera batean eginiko eraikuntzak zuzentzen dituzte forma egonkorragoak emanez eta eraikin zuzenagoak eginez. Hirugarren atala espazioaren eraldaketarekin eta orientazioarekin lotzen da. Kontzeptu horiek barneratzeko, Hannak eta Eliasek bi etxe berdin eraiki behar dituzte, ondoren biak elkartu eta bakarra egiteko. Azkeneko atalean simetria sartzen da, eta binaka egiten ari diren eraikuntzarekin txertatzen da.
Haurrek erabiltzen duten terminologia zehatza ez izan arren, geometriaren kontzeptuekiko hurbilpen interesgarri bat gertatzen da blokeen jokoaren bitartez. Hanna eta Eliasen parte-hartze aktiboak, pedagogoa jardueraren gidaria denez, interakzioa onuragarria izatea ahalbidetu du. Hala ere, ikerketa egin duten espezialistek argi dute lan gehiago egin behar dela datu egonkorragoak lortzeko. Orain arte esparru horretan egin diren ikerlanak urriak izan diren arren, artikulu honen helburuetako bat blokeen jokoak haur hezkuntzako umeengan dituen onurak erakustea da, baita prozedurak dakarrena erabat ulertzen dela bermatzea ere.
Egilea: Iker Goya