“Toxikotasunean haztea” izeneko erakusketa antolatu dute Maryland-eko Bethesda-Chevy Chase institutuko neska-mutilek, egunero aurre egiten dioten kultura toxikoa salatzeko xedez.
Bi hilabete lehenago, Maryland-eko institutuko mutil batzuek 18 neskaren zerrenda, euren itxura fisikoaren arabera eta bi dezimalekin puntuatuta eta sailkatuta, mugikorraren bidez partekatu zuten.
Horrelako zerrendak ohikoak dira mutil batzuen artean, eta, jakina, ez zen institutu horretan hori bezalako zerrenda mutilen artean partekatzen zen lehen aldia, baina lehenengoz, inork espero ez zuen nesken erantzuna etorri zen: aski da, adierazi zuten. Hori #MeToo-ren garaian gertatu zen. Emakume asko salatzen ari ziren lanean eta unibertsitatetan urteetan pairatutako indarkeria matxistak, eta haiek ere zerbait egin behar zuten.
Neskek WhatsApp talde bat sortu zuten gertatutakoari buruz hitz egiteko eta horren aurrean zer egin pentsatzeko. Taldearen bitartez zuzendariaren bulegoan biltzeko deia egin zuten, eta 40 neska bildu ziren bertan. Institutuko zuzendaritzak, ikerketa egin ondoren, egun bateko zigorra jarri zion zerrenda partekatu zuen mutilari, eta neskei kontu hori ez handitzeko eskatu zien. Haiek, aldiz, ez zeuden prest onartzeko “mutilen kontuak dira”, “ezer ez da aldatuko” edo “bizitzaren parte da” bezalako ideiarik. Aitzitik, kultura toxikoari buruzko denen arteko elkarrizketa eskatu zuten.
Batzarra martxoaren 8an egin zen. Bertan, nazioarteko batxilergoko 80 ikasle bildu ziren. Neska batzuek kontatu zuten nola sentitu ziren zerrendan euren izena ikustean, eta pairatutako abusua, jazarpena eta kosifikazio-esperientziak ere partekatu zituzten. Ordutik hona, neska-mutilen talde bat, zerrenda sortu zuen mutila barne, astero biltzen da horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen lan egiteko. Hona hemen aurrera ateratzen ari diren ekimenetako batzuk: neska-mutilak, bikoteka, ikasle gazteen geletara doaz, maskulinitate toxikoaz hitz egitera. “Toxikotasunean haztea” erakusketan, beste institutu bateko neska-mutilekin ere euren esperientziak partekatzen dituzte.
Institutukoko zuzendaria orain harro sentitzen da: “ausardia izan behar da, kaltebera sentitu eta barkamenaren zentzua izan”.
Egilea: Isabel Mendizabal