2007. urtean, desgaitasuna daukaten pertsonentzako eskubideen hitzarmenean, hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa izan behar zela ondorioztatu zen. Hala ere, errealitatea oraindik helburu horretatik urrun dagoela esan dezakegu; izan ere, desgaitasunak dituzten pertsonek eskuragarri duten hezkuntza-maila ez da kalitatezkoa.
Egoera hori hobeto ezagutzeko eta hezkuntza hobetzeko asmoarekin, García Carrión, R., Molina Roldán, S. eta Roca Campos, E. (2018) ikertzaileek ikerketa bat egin dute Valentziako (Espainia) eskola berezi batean.
Nazioarteko komunitate zientifikoan zeuden ikerketak abiapuntutzat hartuta, ikerketaren helburua Talde Elkarreragileak Eskola Berezi batean nola garatu zitezkeen eta zer onura ekar zezaketen aztertzea izan zen. Horretarako, Valentziako Eskola Berezi Publiko bateko 36 ikaslek parte hartu zuten, Talde Interaktiboetan antolatuta. Hiru alderdi hauei eman zieten garrantzia: taldeen heterogeneotasuna ziurtatzeari, helduen (dinamizatzailea) rolari eta ariketaren antolamenduari. Gainera, saio bakoitzaren ostean, irakasleak zein adituak biltzen ziren, guztien ikuspuntua partekatzeko eta erabakiak hartzeko.
Ikerketan ondorioztatu zenez, irakasleen aburuz, ikasleek asko hobetu zuten harreman sozialetan, jarreran eta ikasketa-prozesuan.
Halaber, guztien artean ikasten hasi zirela ikusi zen. Talde Interaktiboak baino lehen, ikasleak indibidualki lan egitera ohituta zeuden. Talde Interaktiboekin hasi eta gero, berriz, jarrera-aldaketa egon zen eta guztien artean laguntzen eta ikasten hasi ziren.
Bestalde, ikasleen artean entzuteko jarrera ere areagotu egin zen, beraien arteko harremana handiagotu eta komunikazio-egoerek gora egin zuten. Horrez gain, portaera zailak edo erasotzaileak gutxiagotu ziren; beraz, ikasle batzuen portaera aldatu zela antzeman zuten irakasleek.
Amaitzeko, irakasleek adierazi zuten profesionalki hobetzeko aukera izatea eta beraien ikasleei hobetzeko aukerak eskaintzea oso aberasgarria izan zela.
Ikerketak frogatu duenez, eskola berezi batean gune interaktiboak sortzea posible da. Are gehiago, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak aurrera eramanez, gure ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzen da.
Egilea: Patricia Peña