Irakasleen hasierako prestakuntza-urteak, unibertsitatean egiten direnak, funtsezkoak dira.

Irakasleek gerora egingo duten lanerako abiapuntu egokia izan daitezke. Baina ez da beti horrela izaten, Stanford Unibertsitateko Linda Darling-Hammond eta bere kideek diotenez. Horregatik aritu dira baldintza onenak identifikatu nahian. Azkenaldian erreferentzialak diren 35 ikerketa sendo aztertu dituzte. Horietan guztietan demostratu dute hasierako prestakuntza eraginkorra denean, irakaslegaiak askoz hobeto prestatuta daudela irakaskuntzarako, irakasle ona izatea ez baita berezkoa, ikasi egiten baita.

Irakasleen Garapen Profesional Eraginkorra (Effective Teacher Professional Development) da Darling-Hammondek eta bere kideek proposatzen duten trebakuntza-ereduaren izena. Hainbat ezaugarri ditu:

  • Irakasleak ikasgelan egin behar duen lana zein den ikastea da helburu nagusia, eta, horretarako, ikasgelan nola irakasten eta ikasten den aztertzen da uneoro.

  • Eredu eraginkorrak izaten dira erreferentzia bakarra, hau da, ikasle guztientzat ondo funtzionatzen duten ereduak.

  • Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako esku-hartzeak bakarrik egiten dira.

  • Irakaslegaiek etengabe praktikara eramaten dituzte ikasten ari diren teoriak.

  • Lankidetza, feedback-a eta hausnarketa etengabeak dira, batik bat benetako ikasgeletako egoeretan oinarrituta.

  • Ikasketa-prozesua eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da langintza horri denbora nahikoa eskaintzea.

Beraz, unibertsitateko irakasgaien eta eskoletako esperientzien arteko sinergia handia sustatzen du ereduak. Gainera, ikerketa zientifikoen ekarpenak erabat integratzen ditu ikasketa-prozesuan. Halaber, irakasle-ikasle eta ikasleen arteko lankidetza funtsezkoak dira ikasketa-prozesua arrakastatsua izan dadin.

Ereduak oso ondo funtzionatzen duenez, erreferentzia erabilgarria izan daiteke gure testuinguruan egin ditzakegun hobekuntzetarako.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Loading