Aysun Gündoganek (2019) umeen ametsak ikertu ditu haien irudimenaren parte diren ala ez jakiteko. Beraz, erantzunaren bila 483 umerekin (3 eta 5 urte bitartekoak) eta haien marrazkiekin egin du lan. Marrazkiak aztertzeko, Clark’s Drawing Abilities Test-a erabili du. Baina ez hori bakarrik, umeen azalpenak ere kontuan izan ditu, asko gainera.
Hainbat ikerketak baieztatu zuten moduan, ametsek esanahiak dauzkate. Are gehiago, esanahi horiek guk dauzkagun desioak edo itxaropenak adierazten dituzte. Hori horrela izanik, aldaketak arlo kognitiboan ere suertatzen direla esan dezakegu. Beraz, amets egitea, orain dakigun moduan, ez dago arlo emozionalarekin bakarrik lotuta, baita kognitiboarekin ere.
Ikerketaren emaitzei behatzen badiegu, hainbat desberdintasun ikus ditzakegu: adinaren-gaiaren arabera, generoaren arabera eta umeen bizi-ingurunearen arabera.
Adinaren-gaiaren arabera, haien arteko erlazio zuzena dagoela esan dezakegu. Izan ere, 3 urteko umeek honako gai hauei buruz marrazten zuten: landareak, janaria, eta pertsonak eta animaliak, hurrenez hurren. 4 urte zituztenek: landareak, janaria, eta berdin pertsonak eta lekuak (adibidez, eskola edo parkea), hurrenez hurren. Eta 5 urte zituztenek, ostera, hauei buruz: lekuak (adibidez, eskola edo parkea) eta hurrenez hurren, pertsonak, landareak eta janaria. Beraz, ikus dezakegu adinak aurrera egin ahala, umeen ametsak eta, beraz, haien desioak eta itxaropenak aldatuz joaten direla. Horren zergatia da umeen ingurunea aldatu egiten dela edo bertan denbora gehiago igarotzen dutela.
Generoaren arabera, neskek garrantzi handiagoa ematen zieten landareei, janariari, pertsonei eta zeruari. Mutilentzat, berriz, ibilgailuen mugimendua, marrazki bizidunak, munstroak, etorkizuneko mundua edo gudak munta handiko gaiak ziren. Hori guztia da denboran zehar generoen arabera antolatutako edo aurkeztutako gaien zergatia. Izan ere, urte askoan egon dira umeen jolasak generoaren arabera bideratuta.
Beste desberdintasun bat umeen bizilekuetan ikusi dute. Izan ere, hirietan bizi zirenek, batez ere, adibidez, hondartzari buruz edo espazioari buruz marrazten zuten. Herrietan bizi zirenek, berriz, esate baterako, zeru-harraskei buruz marrazten zuten. Hori umeen jomugekin lotu dezakegu.
Ikerketa horretan lortutakoa kontuan izanda, eragin handia izango dute umeen ametsetan errealitate desberdinak ezagutzeko ematen dizkiegun aukerek eta erraztasunek. Hau da, umeei ingurune aberasgarriak ematen baldin badizkiegu, haien ametsak askoz anitzagoak izango dira. Eta, ondorioz, haien etorkizuneko itxaropenak. Beraz, eman diezazkiegun umeei ingurune aberasgarriak ahalik eta itxaropen anitzagoak izan ditzaten!
Egilea: Patricia Peña