Iturria: https://planetyouth.org/es/portada/
1999an, 16 urteko Islandiako gazteen % 56k alkohola edaten zuen eta ia kopuru berak tabakoa ere probatua zuen. Urte batzuk geroago, Islandiak substantzien kontsumo-tasa baxuenak ditu Europan.
Europan, batez beste, 16 urteko gazteen % 80k alkohola probatu du behin gutxienez, Islandiako % 35en aldean, herrialde bakarra non gazteen erdiak baino gehiagok alkoholari erabat uko egiten dion. Herri horrek nerabeen edateko eta erretzeko kultura indargabetu du tokiko parte-hartzearen kultura ardatz hartuz eta ikasleen musika- eta kirol-aukera gehiago sustatuz.
“Arrakastaren gakoa komunitate osasuntsuak sortzea da, eta horrela gizabanako osasuntsuak lortzea”, dio Inga Dora Sigfusdottir-ek, soziologia-irakasleak, “Islandiako Gazteria” programaren sorreran parte hartu zuenak, gaur egun “Planet youth” izendatu dutena. Programaren helburua auzo-mailan kapital soziala sustatzea eta erraztea da, nerabeek substantziak erabiltzeko probabilitatea murrizteko, gurasoen eta ikastetxeen laguntza-papera eta inguruan duten aukera-sarea indartuz. Adibidez, gauez kalean berandura arte egoteak hainbat substantziaren kontsumoa asko handitzen zuela identifikatu eta gero, ibilaldia izan zen Islandiako nerabeen artean alkohol-kontsumoaren krisia gainditzeko urratsa. Astebururo Islandiako hiriburuko gurasoek bi orduko ibilaldia egiten zuten beren auzoan zehar, eta gazteen topaguneak ikusten zituzten. Egun, urtean bi aldiz, familiek etxera itzultzeko ordu egokiei buruzko informazio-gidak jasotzen dituzte.
Adituaren esanetan, sekretua gazteak okupatuta eta gurasoak konprometituta mantentzea da, alkoholaz asko hitz egin gabe. Horrek kontrastatu egiten du alkoholaren abusuen kontra egiten diren beste programekin, eskolako hitzaldiekin eta burmuina intoxikatuta irudikatzeko iragarki nazkagarriekin, nerabeak konbentzitzen saiatzen direnak. Sigfusdottirren ustez, nerabeei drogak ez erabiltzeko esateak erreakzio bortitzak eragin ditzake, eta horiek probatzeko jakin-nahikeria sentiarazi.
Programa oihartzuna izaten ari da beste herrialde batzuetan. ICSRAk, Islandiako Ikerketa Sozial eta Azterketa Zentroak, proiektuaren institutuko aitzindaria azken bi hamarkadetan, gaur egun 23 herrialdetako 100 komunitate aholkatzen ditu, Finlandiatik Txilera, nerabeengan substantzien gehiegikeria murrizteko.
Garatutako programaren arrakastaren hiru ardatzak hauek dira:
-
% 100 ebidentzian oinarritutako praktikak. Gizarte-zientzialarien eta politikarien koalizio batek datuak erabiltzen ditu arazoaren norainokoa identifikatzeko.
-
Komunitatean oinarritutako ikuspegia. Ekintza tokiko mailara mugitzen da lehenik eta behin, eta komunitate eta auzoetako tokiko datuak eztabaidatzen dira taldekideak abian jarri ahala.
-
Ikerketaren, politiken eta praktikaren arteko elkarrizketa sortzea eta mantentzea. Toki anitzetan egiten den ekintza da, datu nazionalen bidez informatuz, baina auzoen, hirien eta eskualdeen espiritua, talentua eta irudimena bultzatuz.
Komunitatean oinarritutako ikuspegia, behetik gora, nerabeei substantzien erabilera burutik kentzeko. Eragile guztiak mahaian eserita egotea da ardatza, gazteen garapen positiborako aukerak eta jarraipen- eta laguntza-sare bat eraikitzeko tokiko komunitatean.
Egilea: Isabel Mendizabal