Azken bi hamarkadetan, ikerketak erakutsi du ikasleen arteko lankidetzak bigarren hizkuntzak eskuratzea errazten duela (H2). Northern Arizona Unibertsitateko Youjin Kim ikertzaileak banaka eta elkarlanean egiten diren atazen emaitzak alderatu ditu. Emaitzek erakutsi dute lankidetza-zereginetan parte hartu zuten ikasleek banan-banan lan egiten zutenek baino emaitza nabarmen hobeak lortu zituztela hiztegietako probetan. Lankidetzan aritu zirenen artean hizkuntzari buruzko zalantza gehiago azaleratu ziren eta haiei buruz hausnartzeko aukera gehiago izan zituzten. Banakako taldeekin konparatuz, elkarlanean ari zirenek hizkuntza aldetik zeuzkaten zalantzak askoz hobeto ebatzi zituzten, eta horrelako egoerekiko esposizio handiagoak erraztu zuen hiztegia hobeto ikastea.

Aitzitik, banaka lan egin zuten ikasleek hizkuntzari buruzko zalantzak ebatzi gabe uzteko joera zuten. Joera horren arrazoia izan daiteke banaka lan egin zutenek, lankidetzan aritu zirenek ez bezala, beren ezagutza baino baliabide gehiago ez zutela. Esate baterako, ikasleek banaka lan egiten zuten eginkizunetan, ezezagunak ziren hitzak egonda ere, landu gabe aurrera egiteko joera zuten.

Honenbestez, azterlan honek lankidetzako zereginen onurak babesten ditu, hainbat ikerketetan deskribatu direnak, bereziki bigarren hizkuntzaren hiztegia eskuratzeko orduan. Emaitzek aditzera ematen dutenez, ikasleek beren bigarren hizkuntzan ezagutza osatu dezakete eta hiztegia eraiki dezakete elkarlaneko elkarrizketaren bidez. Aztertutako kasuan, lankideekiko elkarreraginean oinarrituta, banakako baliabide mentalak aprobetxatu ziren: elkarrekintzan ikasleek bigarren hizkuntzari buruz aktibatu zuten ezagutza, erabiltzearen poderioz banakako erabilerarako tresna bihurtu zen.

Ikerlan honetako aurkikuntzek ondorio pedagogikoak dituzte: ikerketa honek iradokitzen du ikasleek beren hizkuntza-arazoak modu eraginkorragoan konpon ditzaketela ikaskideen laguntza bidez, eta modu independentean lan egitea ez dela hain eraginkorra. Adibidez, irakasle batek ikasle talde handi bat daukanean, ikaskideen arteko elkarlana beharrezkoa izango litzateke bigarren hizkuntza eskuratzeko. Aurreko ikerketetan adierazi bezala, ikasgelan beste ikasle batzuek emandako informazioa irakaslearena bezain eraginkorra izan daiteke.

Orain, gure arreta ez genioke eskaini behar eraginkorragoa zein den eztabaidatzeari. Badakigu lan indibiduala baino eraginkorragoa dela lankidetza. Beraz, orain, lankidetzaren onurak nola maximizatu daitezkeen zehaztea da gakoa.

Egilea: Markos Bilbao

markos