Zalantzarik gabe, enpatia da gakoa pertsonen artean giro ona egoteko. Pertsonok enpatikoak izaten gara gure berdinekin, hau da, gure gizarte-zirkuluan aurkitzen ditugun pertsonekin. Baina, egia esan, ideologia, kultura, erlijio… desberdinetako pertsonekin gehiago kostatzen da, eta horiekin enpatia izatea lortu behar dugu, berdintasuna eta justizia garatzeko oinarri bat delako.
Beraz, 0 indarkeriako eskolak, kulturartekoak eta berdintasunezkoak eraiki nahi baditugu, ezinbestekoa da enpatia garatzea. Hori dela eta, Harvardeko unibertsitatean, “Making Caring Common” proiektuaren barruan, Covid-19aren egoera aprobetxatuz, “kezka-zirkulua” birtualki lantzea proposatzen dute, haurrek zein helduek norekin duten enpatia eta norekin ez jakiteko eta zabaltzeko. Gure kezka-zirkuluaren barruan eta kanpoan dauden pertsonak identifikatu ahal izateko, hainbat material eta prozedura prestatu dituzte, hala nola zirkuluen grafiko bat edo sentimenduak partekatzeko bilerak.
Prozesua bost saiotan banatzen dute, eta online bilera batekin hasten da; bilera horretan, bakoitza norberarentzat garrantzitsuak diren pertsonen zirkulu batean pentsatzen hasten da, eta zirkuluen grafikoan islatzen du. Hori egin ondoren, sentimenduak eta azalpenak partekatzen dira, eta horiei buruzko gogoeta egiten da bi galderen bidez:
-
Zergatik uste duzu pertsona horiek zirkuluaren barruan daudela?
-
Zergatik uste duzu pertsona horiek zirkulutik kanpo daudela?
Bigarren saioan, aurrekoaren antzeko jarduera bat egingo da, baina eskola- eta komunitate-munduan girotuta:
-
Nor dago zure eskolan edo zure komunitatean zure zirkuluaren barruan?
-
Nor dago zure eskolan edo zure komunitatean zure zirkulutik kanpo?
-
Zergatik? (Aurreko bi galderetan aplikatuta).
Ondoren, ikasleei talde txikietan galdera horiei buruz hausnartzeko eskatzen zaie, eta gero berriz elkartzen dira, denen artean pentsatutakoa eta sentitutakoa partekatzeko.
Hirugarren saioan, ikasleei galdetzen zaie nola zabal litekeen kezka-zirkulua, eta erantzunak partekatutako dokumentu batean edo diapositiba batean jasotzen dira. Ikasleek emango dituzten ideia posible batzuk:
-
Mezu elektroniko bat bidaliz, haiekin hitz egin ohi ez dutenak agurtzeko.
-
“Mix it up” bazkari birtuala antolatuz, normalean eskolan alboan eseriko ez litzatekeen jendea ezagutzeko.
-
Auzoko zaharrei elikagaiak erosteko aukera eskainiz.
-
Egiten dituzten lanei eskerrak nola erakutsi pentsatuz. Adibidez, janari-dendetako langileak, medikuak, erizainak…
-
…
Amaitzean zerrenda ozen irakurtzen da, eta gero ikasleei eskatzen zaie imajina dezatela horrelako ekintzek nola alda dezaketen komunitatea, eta hau galdetzen zaie: zergatik zabaldu zure kezka-zirkulua? Zergatik da garrantzitsua?
Laugarren saioan, ea aurreko saioan proposatutako ekintzaren bat egin duten galdetzen zaie. Erantzuna baiezkoa bada, izandako emaitzak partekatzen dira; ezezkoa denean, oztopoengatik da galdera. Erantzunen inguruan hausnarketa egiten da.
Amaitzeko, bosgarren saioan, proiektu osoaren berrikuspena egiten da: nola joan da prozesua? Aldatu duzu? Aldaketak nabaritu dira? Nola anima ditzakegu beste ikasleak beraien kezka-zirkuluak handitzera eta enpatikoagoak izatera?
Hasieran esan dugun bezala, enpatia denok landu beharko genukeen gaitasuna da, eta umetatik lantzen badugu, heldu enpatikoagoak eta gizarte justu eta berdintasunezkoa bermatuko ditugu.
Egilea: Ainhoa Bilbao