UNICEFek zenbait txosten argitaratu ditu konfinamenduagatik agerian geratu den berdintasunik eza gainditzeko. Behin eta berriro, gizarteak aurre egin beharreko erronka ugarien artean, nabarmendu du guztiz funtsezkoa izango dela konfinamenduaren ondoren gizarteratzea eta gizarte-kohesioa bermatzea, baita “atzean geratzeko” arrisku handiena duten haur eta nerabeen ekitatea bermatuko duten egiturak sustatzea ere.
Oraingo honetan argitaratutako txostenak, “Haurtzaroaren hiri-lagunen” ekimenaren barruan, haurren garapen kognitiboa, fisikoa, afektiboa eta soziala garatzeko iradokizunak ematen ditu; gainera, umeek eta nerabeek ezinbestekoa duten ingurune seguru eta babeslea definitzen du.
Txostenaren hasieran, oraingo egoeraren alderdi batzuk aipatuz, jarduteko lau printzipioak azaltzen ditu:
- Giza inklusioa eta ekitatea. Espainian, haurren % 26,8 pobrezia-arriskuan bizi dira, eta pandemiak haien egoera larriagotu du.
- Babesa. Pandemiaren ondorioz, haur eta nerabeen afektuen sarea moztu da eta guraso askoren arazoak handitu dira (ekonomia-arazoak, bizileku txikiak, ardura berriak, doluak…).
- Jolasteko eskubidea. Jolasteak adimena eta sormena garatzen ditu, eta, horrez gain, interakzioak, mugimendua eta estimulazioa bultzatzen ditu.
- Haur eta nerabeen partaidetza. Parte hartzeko eskubidea egoera eta esparru guztietan bermatu behar da, hitz egiteko, emozioak eta bizipenak partekatzeko, entzuna sentitzeko, zuzenean eragiten dieten gaietan banaka eta taldeka erabaki ahal izateko, eta krisitik ateratzeko proposamenak eginez laguntzen dutela sentitzeko espazioak izateko.
Txostenaren bigarren atalean, ingurune seguru eta babeslearen dimentsioak garatzen ditu, eta honako hau da horien justifikazioa: inguru fisikoa (espazioak haurren beharrei erantzuteko diseinatuta egon behar dira), inguru emozionala (urruntasun fisikoa kutsadurak ekiditeko, baina segurtasun emozionala eskainiz), pertsona nagusi kontzienteak (gizataldeak segurtasuna bermatu behar du) eta haurren protagonismoa eta partaidetza (haien iritziak kontuan hartu behar dira).
Dokumentua bukatzeko, aipatutako lau dimentsioen arabera, ingurune seguru eta babeslea lortzeko iradokizunak zehazten dira. Atal horretan bildutako proposamen asko “COVID-19: Proteger la salud en las aulas” txostenean oinarrituta daude, eta, proposamen horiek guztiak egin direnez instituzio eta gobernu lokalei laguntzeko espazio seguru eta egokiak diseinatuz, adierazle gisa idatzita daude; hau da, esaldi zehatzak erabiliz eta hiru egoera adierazteko aukerarekin: “Inplementatu gabe”, “Prozesuan” eta “Bukatuta”. Horrela, taula oso erabilgarria eta orientagarria izan daiteke, baita irakasle eta hezkuntza-arduradunentzat ere. Hala, pandemia eta pandemiaren ondoko sasoi honetan, beste tresna bat daukagu gure ikastetxeak ingurune babesle eta tratu psikologiko eta emozional oneko espazio bihurtzeko; indarkeriarik, abusurik edo esplotaziorik gabeko espazio libreak eraikitzeko.
Taula eta adierazleak
- Dimentsio fisikoa. Urruntasun fisikoa, Garbiketa eta desinfekzioa, Higiene-ohiturak, Jakien prestaketa, Gaixoen isolamendua, Irisgarritasuna.
- Dimentsio emozionala. Ingurune fisikoaren epeltasuna, Jolas eta aisialdirako eskubidea, Giza inklusioa eta ekitatea.
- Lantaldea: langile kontzienteak. Afektibitatea eta errespetua, Osasun mentala eta laguntza psikosoziala, Babesa, COVID-19ari buruzko informazioa.
- Haurren protagonismoaren eta partaidetzaren dimentsioa. Protagonismoan oinarritutako partaidetza, Partaidetza COVID-19aren esparruan.
Egilea: Jon Salinas Elorza