Gaur egungo hezkuntzako helbururik nabarmenena kalitatezko hezkuntza sortzea da. Horrek, noski, hainbat erantzukizun ditu; esate baterako, giza eskubideak bermatzea, berdintasuna lortzea, biolentziarik gabeko gizartea eratzea eta dibertsitatea aintzat hartzea. Hori guztia lortu ahal izateko eskolek daukaten ardura eta aukera paregabea da.
Guztiok gure dugun kalitatezko hezkuntza hori lortu ahal izateko, Ginerrek (2018) egiaztatu zuen adiskidetasuna dela gakoa. Izan ere, adiskidetasuna aldaketa sozialaren eta amets eta errealitate berriak sortzeko motorra da. Beraz, adiskidetasuna sustatuz gero, kalitatezko hezkuntzaren bidean gaudela esango al genuke?
Erantzunaren bila, León-Jiménez, Villarejo-Carballido, López de Aguileta eta Puigvert (2020) ikertzaileen ikerketa daukagu. Bertan, Hezkuntza Ekintza Arrakastatsuak (HEA) aplikatzen diren eskola-esparruetan adiskidetasuna eta enpatia bezalako printzipioak sustatzen eta lortzen diren aztertu nahi izan dute. Are gehiago, horrelako hezkuntza-ekintzek zer-nolako eragin soziala duten ikertu dute.
Ikerketan Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko 18 ikaslek eta 10 irakaslek egindako ekarpena kontuan hartu zuten, eta honako bi ondorio hauetara iritsi ziren ikertzaileak.
Alde batetik, HEAk aplikatuz gero, ziurtatu zen adiskidetasuna zein enpatia sortzen zirela. Are gehiago, partaideek adierazi zuten adiskidetasunak, areagotu ez ezik, sendotu ere egin zirela. Izan ere, Josek (6. mailako ikaslea) adierazi zuen, guztiek elkarrekin lan eginez, Talde Interaktiboen bitartez, besteak hobeto ezagutzen dituela eta guztien artean besteei laguntzeko giroa sortzen dela. Eta horrek, irakasle batek baieztatu zuen moduan, besteon azalean ipintzea ahalbidetzen digu guztioi, azkenean enpatia sustatzen baitu.
Beste aldetik, ingurune seguruagoak eta solidarioagoak sortzen laguntzen du. Partaide guztiek adierazi zuten adiskidetasunaren eta enpatiaren bitartez sortutako giroak ikastetxe osoari hobekuntzak ekarri zizkiola. Haien artean, nabarmendu zuten gatazkak eta portaera bortitzak gutxitu egin zirela, guztiak adiskidetasunaren alde zeudelako. Horrek, noski, inor bakarrik ez egotea eta guztiak kalitatezko adiskideak izatea ahalbidetu zuen. Azken finean, Yasminek (5. mailako ikaslea) baieztatu zuen pozik joaten zela eskolara, lagunak hor zeudela bazekielako.
Beraz, lehen aipatutako galderari erantzuteko, ikerketa horren ebidentzian oinarrituz gero, baietz esango genuke. Bai, adiskidetasuna sustatuz gero, HEAk medio, kalitatezko hezkuntza eta inpaktu soziala sortzen ari gara hainbat pertsonaren bizitzan.
Egilea: Patricia Peña