PISA ebaluazioaren azken emaitzetan oinarriturik, hau da, PISA 2018an, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OECD ingelesez) teknologien erabilerari buruzko txostena argitaratu zuen 2020ko irailean. “Politika eraginkorrak, eskola arrakastatsuak” deitutako txostenean, zenbait adierazle zerrendatuz eta kontuan hartuz, teknologien erabilera aztertzen da 79 herrialdetako irakaskuntzan. 330 orriko lan horrek erronka gisa planteatzen du linean ikastea (bai ikasle askorentzat, bai eskolentzat), eta, besteak beste, gai hauek sakontzen ditu: eskolaren gobernantza, ikasleen taldekatzea eta, horrez gain, giza, ekonomia zein denbora baliabideak, irakasteko eta ikasteko.
Txostenaren arabera, 2018. urtean, 15 urteko ikasleek bazeukaten ordenagailu bat, OECDren batez besteko datua ikusita. Hala ere, COVID-19a dela eta, egoera ahulean dauden ikasle eta ikastetxeak nabariago agertu dira. Eskolak itxi zirenean, hainbat ikaslek ez zuten baliabide digital nahikorik haien etxeetan, edo ez zeukaten espazio egokirik ikasteko, edo gurasoek ezin zituzten ziurtatu ikasteko giroa eta tresnak etxean. Horrez gain, herrialde askotan, eskoletako zuzendariek esan zuten moduan, ordenagailu batzuek ez zeukaten indar nahikorik, eta horrek hiru ikasletik bat kaltetu du munduan.
Munduko hezkuntza-sistemetan desberdintasun asko daude, eta, eskola hobetsiak eta desabantailan daudenak kontuan hartuta, alde esanguratsuak agertzen dira ikerketan, baina, dudarik gabe, baliabide gutxiago dituztenak izan dira kaltetuenak. Espainian, adibidez, 40 puntuko aldea ikusten da (% 70 eta % 30) tresna digitalak eskuratzeko eskola hobetsien edo egoera ahulean daudenen artean.
Ikerketan, hezkuntza-politikak diseinatzeko eta hezkuntza-praktikak hobetzeko proposamen zuzenak egiten dira, eta betiere argi eta garbi uzten da politikak eta praktikak ikasleen emaitzekin eta hezkuntza-sistemen ekitatearekin lotuta egon behar direla.
Politiken arduradunei dagokionez, planifikatzerakoan euren buruari egin behar dizkioten galdera asko azaltzen ditu txostenak:
- Eskolek badituzte linean irakasteko baliabideak? Eta ikasleak prest daude linean ikasteko?
- Teknologien eskuragarritasuna eskolan.
- Eskolan eskuragarri dituzten teknologien egokitasuna.
- Teknologiak erabiltzeko irakasleen gaitasuna.
- Eskolaren praktikak baliabide digitalak era eraginkorrean erabiltzeko.
- Eskolan ordenagailu gehiago izateak emaitza hobeak ekarriko ditu?
- Gaurko eskolak ondo hornituta daude (giza baliabideak zein materialak) ikasleen beharrei erantzuteko? Hezkuntza-sisteman, baliabideak egoki banatuta daude eskolen artean?
- Eskolak ikasleen ekonomia-egoera ahula konpentsa dezake?
- Lotuta daude denbora gehiago ikastea eta ikasleen emaitza hobeak?
- Ikasle guztiek aukera berdinak dituzte eskolan ikasteko?
- Haur Hezkuntza ikasteak zer ondorio du emaitzetan eta ekitatean hezkuntzan?
- Hezkuntza-sistema batentzat, hobe da gurasoei eskola-aukera gehiago ematea? Eta selektibitateari buruz, eskola-onarpenetan, zer?
- Zer ebaluazio- eta balorazio-politika mota dira benetan eraginkorrak eskolentzat eta hezkuntza sistementzat?
- Nola erakuts dezake hezkuntza-sistemak itxaropen altuak dituela bere ikasle guztiekiko?
Politikak diseinatzeko hausnarketaz eta datuez gain, txostenak arrakastatsuak diren hezkuntza-sistemen ezaugarriak aipatzen ditu. Argi uzten du emaitza bikainak dituzten hezkuntza-sistemek eta ekitate altua dutenek hainbat ezaugarri komun dituztela. Adibidez: ikasle askok haur-hezkuntza bete dute eta ikasle gutxik errepikatzen dute. Baliabide digitalen kasuan, eskola horietako askok dute linean ikasteko laguntza-plataforma, eta instrukzio-materialak partekatzeko tresna digitalak ere erabiltzen dituzte.
Baliabide digitalei dagokienez, emaitza bikainak dituzten sistemen ezaugarriak, besteak beste, honako hauek dira:
- Eskolek tresna digital gehiago dituzte (sarean konektatutako ordenagailuak, abiadura nahikoa…).
- Eskola gehiagok dute Interneteko abiadura nahikoa.
- Eskola hobetsien eta kaltetuen artean ez dago desberdintasun handirik Interneteko abiaduran, tresnetan eta abar. Zenbait kasutan, kaltetuen eskoletan baliabide digital gehiago dituzte.
- Eskoletan akordio idatziak dituzte tresna digitalen erabilerari buruz, eta ez dago alde handirik eskola hobetsien eta kaltetuen artean. Zenbait kasutan, kaltetuen eskoletan gehiago idazten dute teknologien erabilerari buruz, ikasketak indartzeko.
- Eskola gehiagotan programa zehatzak dituzte ikasleak prestatzeko Interneten erabilera arduratsuan. Batzuetan, egoera ahulean dauden eskoletan, horrelako programa gehiago daude.
- Eskola gehiagok bilerak antolatzen dituzte instrukzio-materialak aztertzeko, tresna digitalak erabiliz.
Laburbilduz, txosten sakon hori erabilgarria izan daiteke munduko hezkuntzaren egoera ezagutzeko eta gure ikastetxeen beharrak aztertzeko. Covid-19aren ondorengo eskolan, hainbat ikasle bazterturik geratzeko arriskuan daude eta denon ardura da etika eta emaitza onak ekartzen dituzten praktikak garatzea.
Egilea: Jon Salinas Elorza