Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteak (AMIT), @parlamentoeuropeoren laguntzarekin, #NoMoreMatildas kanpaina abiarazi du, neskengan eta nerabeengan bokazio zientifikoa sustatzeko asmoz. AMITn uste dute Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika karreretan (STEM) emakume gutxi egotea, neurri batean, erreferenterik ez egotearen ondorio dela. Horregatik, kanpainak proposatzen du emakume zientzialarien presentzia handitzea eskola-testuetan, nesken asmo profesionalak pizteko edo areagotzeko.
Kanpainak Matilda efektuari zor dio izena, eta horixe da emakumeek zientzian egindako ekarpenak aitortzearen aldeko aldarrikapen-mugimenduaren ezaugarria. Efektu horren izena, zehazki, Matilda Joslyn Gori-rengandik dator, XIX. mendeko sufragista iparramerikarrarengandik, emakumeen aurkikuntza zientifikoen egiletza gizonezko kide zientzialariei esleitzeko ohitura salatzen lehena izan baitzen.
Orain, AMIT elkarteak gizartean merezi zuten ikusgarritasunik edo aintzatespenik izan ez duten emakumeen 19 izen hautatu ditu, euren irudia berreskuratzeko asmoz. Hartara, testuliburuetara eraman daitekeen edo familiek erabil dezaketen material deskargagarria sortu du, ikertzaile horien ekarpenek neskengan bokazio zientifikoak inspira ditzaten. Hautaketa hori unibertsitateko irakasleekin eta kazetari boluntarioekin batera egin du AMITk, lehen hautaketa besterik ez bada ere, zerrenda hori zoritxarrez askoz gehiago luza daiteke eta.
#NoMoreMatildas kanpainak irudikatzen du nolakoa izan behar zuen zientzialari haien bizitzak, zenbateko bokazioa izan behar zuten ikertzen jarraitzeko, pauso bakoitzean zangotrabak jartzen ari zitzaizkienean. Horrekin, Rodrigo Garcíaren ilustrazioekin eta Nöel Langen testuekin hiru ipuin sortu dituzte, non Einstein, Fleming edo Schrodinger emakume jaio izan balira zer gertatuko zatekeen irudikatzen duten.
Proiektuak oihartzun handia lortu du sare sozialetan, eta, are gehiago, trending topic izan da. Horrek erakusten du interes sozial eta hezitzaile handia dagoela, ez bakarrik emakume ikertzaileen ekarpenak berreskuratzeko, baizik eta, batez ere, Matilda gehiagorik egon ez dadin lan egiteko.
Egilea: Isabel Mendizabal