Argazkia: Roberto Toscani
Rocío García Carrión Ikerbasque eta Ramón y Cajal ikertzailea da, Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultatean. Haren ikerketaren zati bat gizarte-eragina lortzera eta genero-berdintasuna sustatzera dago bideratuta, lehen adinetatik, familiak eta komunitatea hezkuntza-prozesuan inplikatuz.
GEARING-Roles: gender equality Actions in Research Institutions to transform Gender Roles proiektuan parte hartzen du, Feminist Leardership in Science programaren aholkulari gisa. Hezkuntza Ikerketarako Diziplina Anitzeko Elkarteko (AMIE) presidenteordea da, emakume ikertzaile eta teknologoen elkarteko (AMIT) kidea, bai eta CREA ikerketa-zentroko kidea eta CREA-SAFO emakumeen taldekoa ere.
Duela gutxi, W.E.R.A Hezkuntza Ikerketako Munduko Elkarteko idazkari nagusi izendatu dute (ingelesezko siglengatik, World Education Research Association). Elkarte zientifiko hori 2009an sortu zen, eta 26 elkarte nazional eta nazioarteko biltzen ditu, baita beste erakunde eta ikertzaile batzuk ere.
- Rocío, W.E.R.Ako idazkari nagusi izendatu zaituzte. Zer esan nahi du idazkari nagusi izateak? Zer garrantzi du?
W.E.R.An lan egiten dugu hezkuntza-ikerketan, politiketan eta praktiketan aurrera egiteko, ikerketaren erabilerak eta aplikazioak hezkuntza eta gizartea hobetu ditzan. Beraz, mundu osoko ikertzaileekin lankidetzan aritzeko aukera zoragarria da, gizarte-eragina izatera bideratutako hezkuntza-ikerketa sustatzeko helburu komunarekin bat eginda. Horrekin batera hezkuntza-larrialdia ekarri duen osasun-larrialdiko une honetan, are garrantzitsuagoa da mundu osoko haurrei, irakasleei eta hezkuntza-komunitateei eragiten dieten erronka globalei erantzuteko gai izango den antolamendu globala sendotzen jarraitzea.
- Erronka asko gainditu behar izan dituzu emakume gisa maila zientifiko horretako elkarteen buru izateko?
Zientzia- eta giza bikaintasuneko ikerketa-taldeek erakusten dute lidergo banatu eta dialogikoak berdintasunezko eta laguntzazko harremanak sustatzen dituela. Testuinguru horiek erraztu egiten dute emakume gazteok erronkak arrakastaz gainditu ahal izatea eta modu horretan bertan lider izan ahal izatea. Horrela, zientzialari gazteei testuingurua eskain diezaiekegu, non oraindik existitzen diren kristalezko sabaiak apurtuz joan baitaitezke, ikaskide asko abandonatzera eraman dituztenak; besteak beste, akademiako sexu-jazarpena.
- Nola lan egiten du zientziak indarkeria matxista gainditzeko?
Inpaktu sozialari buruzko ebidentzia zientifikoekin bakarrik gainditu dezakegu. Ildo horretan lan egiten du nazioarteko komunitate zientifikoak, eta eragin handieneko aldizkari zientifikoetan aurkitzen dugu, Violence Against Women aldizkarian, kasu. Duela gutxi, bigarren mailako sexu-jazarpena argitu duten aurrerapen zientifikoak (SOSH, ingelesezko siglengatik, hau da, biktima zuzenak babesten dituzten pertsonen aurkako jazarpena) funtsezkoak izan dira ulertzeko SOSH amaitu arte ezingo dela indarkeria matxista gainditu. Gizartean eragina duen zientzia egiteko modu horrek, aldi berean, eragin politikoa du, Kataluniako Parlamentuak aho batez onartutako lege aitzindarian ikusi dugun bezala, bigarren mailako indarkeria arautu baitu.
- Gero eta gehiago entzuten dugu gizarte-eragina izatera bideratutako ikerketa. Zer esan nahi du horrek hezkuntza-arloan?
Horrek esan nahi du hezkuntza-eremuan ikastetxeek ikasle guztientzako hezkuntza- eta gizarte-hobekuntzako helburuak lor ditzaketela, zorroztasunez ezartzen diren edozein testuingurutan hobetzen direla erakutsi duten gizarte-inpaktuko ebidentzia zientifikoek, ebidentzia horiek edumitoetan oinarritutako praktikak ordezten dituztenean, kalte handia egiten baitiete ikasleei. Emaitza milaka neskato eta gazterengan ikusten dugu, jarduera horiek aplikatzen dituzten 9000 ikastetxe baino gehiagotan. Maria bezalako neskei, urteetako porrotaren ondoren, beren ikastetxeak gizarte-eraginari buruzko ebidentzia zientifikoak beren esku jartzen dituenean, horrek kalitate handiko hezkuntza izateko aukera ematen die, indarkeriarik gabeko testuinguru seguru batean, derrigorrezko hezkuntza arrakastaz amaitu ahal izateko. Horrela, inor baztertuta ez geratzea lortzen da, baita hezkuntza gizartea hobetzeko eta eraldatzeko benetako tresna bihurtzea ere.
Egilea: Isabel Mendizabal