Ausarten kluba, KIVA, Bystandard Intenvention… Gaur egun zenbait ekintza eta oinarri zientifikoa daukaten programak ditugu bullyingari edo eskola-jazarpenari aurre egiteko. Baina ez daude oso zabalduta. Beraz, nork baieztatuko luke bullyinga ondo kontrolatuta dagoela eta egoera horiek erantzun egokia jasotzen dutela beti? Gaur egun, eskola-jazarpenak etengabeko arazoa izaten jarraitzen du hezkuntza-mailan; izan ere, Health Behavior in Shool aged Children erakundeak adierazi zuen gaztediaren % 10ek duela gutxi bullyinga pairatu zuela; hortaz, zeregin asko dago oraindik.
Ezeri ekin baino lehen, aipa dezagun eskola-jazarpen edo bullying hitzaren esanahia. Olweus-ek (1993) adierazi zuenaren arabera, norberaren burua defendatzeko arazoak dituen pertsonaren aurka nahita egindako indarkeria-jarrera errepikakorra da; ez hori bakarrik, ohikoena eskola-testuinguruan taldeka aurrera eramatea da. Hortaz, irakasleek funtsezko rola dute eskola-jazarpena geldiarazteko, eskola-testuinguruan ardura daukaten helduak baitira eta beren zeregina testuinguru segurua bermatzea baita.
Perceived Teacher Responses to Bullying Influence Students’ Social Cognitions ikerketaren arabera, irakasleek eskola-jazarpenaren aurrean erantzun desberdinak izan ditzakete, besteak beste, ezer ez egitea, biktimari laguntzea, jazarlea zuzentzea, edo biktimari laguntzeko eta jazarlea zuzentzeko konbinazio bat egitea. Ikasleek erantzun horien aurrean zuten pertzepzioaren analisiak erakutsi zuen ikasleak jarrera indartsuagoa eta lotura moral handiagoa zuela jazarpenaren aurka, erantzun aktiboa erakusten zuenean. Ondorio horiek are indartsuagoak ziren irakasleak jazarlea zuzentzen zuenean, biktima bakarrik kontsolatzen zuenean baino.
Beste artikulu batzuetan esan den bezala, irakasleak has daitezke gizarte-harremanetan jarrera egokiak eta desegokiak zein diren lantzen eta argi uzten. Jazarpenaren aurkako jarrera irmoa izan behar dute, ikasleen artean jazarpena eta indarkeriazko jarrerak onartuak ez daudelako ideia sustatu ahal izateko, jarrera eta pentsamendu hori ikasleen artean zabaldu dadin. Aitzitik, irakasleek pasiboki erantzuten dutenean edo erantzuten ez dutenean, funtsean, jazarpena egotea onartuta dagoela adierazten dute. Ez hori bakarrik, jazarpenaren aurkako erantzun aktibo horiek segurtasuna eta konfiantza eragingo diete ikasleei egoera horiek salatzeko orduan, badakitelako, alde batetik, irakasleak zerbait egingo duela, eta, bestetik, beren ikaskideek, gero eta kontzientziatuagoak daudenak, biktimari lagunduko diotela; lekukoen partaidetza ere ezinbestekoa da, egoera salatzeko eta jazarpena momentuan gelditzeko.
Beraz, amaitzeko, esan dezagun irakasleek jazarpenaren aurrean ematen dituzten erantzun aktiboak, argiak eta sendoak funtsezkoak direla ikasleei segurtasuna eta laguntza helarazteko; izan ere, ikasleek beren usteak ondoriozta ditzakete irakasleen erantzunetatik, eta horrek, aldi berean, eragina izan dezake ikasgelako jazarpen-prozesuetan.
Egilea: Ainhoa Bilbao Salazar