Nazio Batuen Garapen Iraunkorretako helburuetan islatzen den moduan, ikuspegi inklusiboaren hedapena eta unibertsalizazioa mundu osoko hezkuntza-sistemen helburu zein erronka da.
Hezkuntza inklusiboak zera esan nahi du: ikasle guztiek elkarrekin ikasten dute ikasleen beharrak aitortu eta horiei erantzuten dieten eskoletan, ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzen duten antolaketaren, ikasketa-planen, irakaskuntza-estrategien zein baliabide egokien erabileraren bidez (UNESCO, 1994), hezkuntza orokorreko klaseetan ikasle guztien presentzia eta partaidetza bermatuz, eta lorpenerako oztopoak gaindituz (UNESCO, 2017).
Hori horrela, azken urteotan ebidentzia zientifikoak adostasuna plazaratu du hezkuntza inklusiboak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat duen garrantziaz eta onuraz. Gainera, hezkuntza inklusiboaren onurak frogatzeak ikuspegi horren hedapenean zein unibertsalizazioan lagundu du, baita behar berezirik ez duten ikasleen kasuan ere.
Ikasle anitzen arteko ikaskuntza-interakzioak hezkuntza-inklusioaren funtsezko osagaia direla jakinda, Molina, Marauri, Aubert eta Flecha (2021) ikertzaileek How inclusive Interactive Learning Enviroments Benefit Students Without Special Needs izenburua duen artikulua plazaratu berri dute. Inpaktu zientifiko handiko (JCR-Q2) Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu dute.
Ikerketaren xede nagusia honako hau da: Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleekin ikaskuntza-ingurune partekatu, inklusibo eta interaktiboetan heziak izateak HPBrik ez duten ikasleengan duen eragina identifikatzea. Helburu hori lortzeko, ikertzaileek metodologia kualitatiboa eta komunikatiboa erabili dute. Hiru ikastetxetan bildutako datuak aztertu dituzte.
Ikerketa-taldeak laburbildu du jarduera interaktiboak egiten direnean HPBrik ez duten ikasleak HPBak dituzten ikasleekin espazioak partekatzearen onura jasotzen dutela. Gainera, ikerketaren emaitzak aintzat hartuta, HPBak dituzten ikasleentzat zein ez dituztenentzat, hiru gizarte-eragin deskribatzen dira:
- Adiskidetasuna beste pertsonenganako berdintasuna errespetatuz, onartuz zein pertsona bera ezagutuz eraikitzen da.
- Aukeren mundu berria sortzen da, laguntzan eta pazientzian oinarritutako trebetasun berriei dagokienez.
- Azaldu eta ulertaraztea ahalegin kognitibo ikaragarria da.
Oro har, ikerketak baieztatzen du ikaskuntza-ingurune interaktibo inklusiboek ere mesede egiten dietela behar berezirik ez duten ikasleei. Gainera, tankera horretako ikerketa zientifikoak giltzarri dira gure gizartea irekia, ausarta, inklusiboa eta errespetuzkoa bihur dadin.
Honen arira, gehiago ezagutzeko aukera paregabea egongo da gaur 18:00-etan, Rosa Valls ikerlariak Asturias AEBE elkartean emango duen formakuntza, hain zuzen ere.
Egilea: Ane Olmedillo Berasategi