Batxilergoko, LHko edo unibertsitateko ikasketak egiteari uko egiteak hasierako desberdintasun ekonomiko eta sozialean ditu sustraiak, Las provincias egunkariak berriki argitaratu duen berri baten arabera. Egunkari horrek dionez, ikasketak goiz uztearen elementu erabakigarriak familiaren errenta baxua, gurasoen prestakuntza eskasa edo etorkinen kolektiboko kide izatea dira. Artikuluak, Gizartea eta Hezkuntza Europako fundazioak abandonu goiztiarraren eskola-mapari buruz egindako azterlanaren datuetan oinarritzen da.
Azterlan horretan aditzera eman zuten datuei jarraituz, eta erkidegoen artean alde nabariak daudela kontuan hartuz, Espainia ikasketak goiz uztearen Europako liderra da. Batzuek derrigorrezko etaparen amaieran DBHko titulua ere ez dute lortzen, eta horrek bizitzan dituen aukerak modu erabakigarrian baldintzatuko ditu.
Hala ere, abandono hori gutxi batzuengan kontzentratzen da. Azterlanak lau elementuri erreparatzen dio: familiaren errenta, amaren formazioa, guraso atzerritarrak eta eskola porrota.
Diru-sarrera txikienak dituen biztanleriaren segmentura joanez gero, DBHren ondoren ikasketak uzten dituzten ikasleen ehunekoa % 33,5 da. Hirutik bat. Errenta handiena dutenen artean datu bera bilatzen bada, tasa % 6koa da. Gauza bera gertatzen da hartzen den parametroa hilabete amaierara iristeko zailtasunak badira. Asko dituztenek % 36,6k uzten dituzte ikasketak. Ez dutenek, berriz, % 5. Laburbilduz, errenta baxuetako ikasleek aberatsek baino sei aldiz aukera gutxiago dute Batxilergora edo LHra joateko.
Familiaren formazioa begiratzen bada, DBHn titulurik lortu ez zuten amen seme-alaben % 24,4k uko egiten diote derrigorrezko prestakuntzatik harago jarraitzeari, eta unibertsitate-tituludunen seme-alaben % 3,6k soilik uzten dute prestakuntza.
Atzerritarren hiru seme-alabatatik batek DBH ondoren uzten du bere prestakuntza. Etorkina izateak esan nahi du 2,5 aukera gehiago daudela lehen mailako ikasketak baino ez egiteko
DBHko titulua lortu ez zuten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, formazioa inoiz jarraitu ez zutenen ehunekoa zazpi aldiz handiagoa izan zen graduatu zirenena baino. DBH gainditu zutenen artean, % 10,8 baino ez zuten utzi (Europako batez bestekoa). Ez zutenen artean, % 72,5ean utzi zituzten ikasketak. “DBH amaitzea garrantzitsua da, eta asko”, ohartarazi dute ikerketaren egileek. “Bertan behera uztearen aurkako hesia izan daiteke”, gaineratu dute.
Datu guzti horien aurrean, hezkuntza-politiken diseinuetan eta oro har, eskola askotan, hezkuntza-arrakasta familien maila sozioekonomikoaren araberakoa dela uste da , eta, horrekin lotuta, ingurune behartsuetako eskolek ezin dutela ondo funtzionatu. Hala ere, ikerketa askok eta ikastetxeen praktikak berak erakusten dute eskola guztiek emaitza bikainak eta gizarte-kohesioa lor ditzaketela, hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aurrera eramaten badituzte. Arrakasta akademikoa eta soziala ez dute familiek edo eskolaren testuinguru sozioekonomikoak zehazten, ezartzen diren hezkuntza-ekintzek baizik.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) argitaratu zuen bezala,
ekitateak eskatzen du edumitoen ordez ebidentziek gidatutako praktikak egitea.
Inpaktu sozialari buruzko ebidentzia zientifikoek adierazten digute zer jardunbidek hobetzen dituzten ikasleen emaitzak eta zeinek ez. Gainera, mugak ere argi uzten dituzte, eta adierazten digute zeintzuk funtzionatzen duten ondo zentro edo testuinguru jakin batean, eta zeintzuk lortzen dituzten hobekuntzak zorroztasunez ezartzen diren edozein testuingurutan. Munduko leku guztietan, ebidentzia zientifikoa lehenesten dutenak aurrerapausoak ematen ari dira hezkuntza- eta gizarte-ekitatea lortzeko bidean.
Eta horrek berebiziko garrantzia du; esan bezala, hezkuntza uztearen ondorioak, izugarriak dira eta, kasu askotan, bizitza osoan irauten dute.
Egilea: Isabel Mendizabal