“Erakargarritasuna gehienetan gizon menderatzaileek lortzen dute. Hori aldatzea da gakoa.”

 – Pasa den larunbatean eman zenuten hitzaldiaren izenburua honakoa zen: “Isiltasuna apurtu dezagun. Aurre egin genero indarkeriari”. Hitzaldi horretan  azaldu zenuten hainbat maskulinitate eredu daudela. Haietakoren batek egiten al dio aurre genero indarkeriari?

Guk hiru maskulinitate ereduren inguruan berba egiten dugu. Bi ereduk genero indarkeriari eusten diote. Batetik, Maskulinitate Tradizional Menderatzaileaz ari gara, eta talde horretan erasotzaileak sartzen dira. Bestetik, Maskulinitate Tradizional Zapalduak: erasotzaileak izan ez arren, erasoaren eta bidegabeko egoeren aurrean jarrera pasiboa dutenak. Genero indarkeriari aurre egiteko Maskulinitate Alternatibo Berriei buruz ari gara. Izan ere,  berori izango da genero indarkeriari aurre egiteko edota ekiditeko eredua (modelo idealei buruz ari gara beti). Honek gaindituko lituzke patriarkatuaren oinarrian dauden erlazio afektibo sexualak. 

– Zelan sustatu genezake Maskulinitate Alternatibo Berria emakumezko eta gizonezkook? Zelan bihur dezakegu erakargarri eredu hori?

Patriarkatuak erabaki du zer den erakargarri eta hori pelikuletan ikusten da, telesailetan, literaturan… Erakargarritasuna, ia-ia gehienetan, gizon menderatzaileek lortzen dute: maiz bortitzak, eta beti erlazio zakarrak sortuko dituztenak. Orokortu dira ondoko sineskeriak liskar baten atzean datorrenari buruz:”ikusiko duzu zein ondo pasatuko dugun”, “sexu ikaragarria izango dugu”, baita txikitatik ere, ideia bera:”liskarretan dabiltzanek elkar maite dute”… Konponbidea hauxe da: horri erakargarritasuna kentzea eta beste pertsona batzuengan jartzea, berdintasunezko erlazioak bilatzen dituzten gizonezkoengan, hain zuzen ere. Maskulinitate Tradizional Zapalduei dagokienez, ematen du berdintasunezko erlazioak bilatzen dituztela, eta giza balioetan oinarritzen direla; baina, egia esan, sistema sustengatu egiten dute. Hau da, sumisio jarrera daukate maskulinitate tradizional menderatzailearen aurrean; horregatik da hain garrantzitsua gizonezko horiek ahalduntzea. Baina horretarako oztopo izan daiteke nork lortzen duen erakargarri izatea eta nork ez. Berdintasunezko harremanak bizi nahi dituztenak erakargarriago bihurtzea da aldaketarako gakoa.

– Zelan deuseztatu dezakegu hain arrakastatsua den malote edo mutil harroxko guay eta maltzurraren estereotipoa?

Malote hori desmuntatu egin behar dugu, eta, bereziki, desioaren hizkuntzaren bidez. Malotearekin sexurik onena lortuko dugula pentsatzen dugunean, zuk desiratzen dituzun gauzak egingo dituela pentsatzen duzulako eta abar, jakin behar dugu hori ez dela horrela izango. Maloteak erabiltzeko eta botatzeko nahi ditu erlazioak, orduan ez du bere barnea entregatzen, zerbait instrumentala da, zerbait mekanikoa da, intentsua izan daiteke, baina hor ez dago sentimendu sakonik, hor ez dago emoziorik. Hori bakarrik eman dezake benetako sentimenduak, emozioak eta ziurtasuna dituen batek. Baina maloteak hori emango digula pentsatzea akats bat da, eta sozialki oso zabaldua dago hori pentsatzea; hots, “mutil-txarra”k hartuko zaituela eta pasio bultzada batean hormaren kontra ipiniko zaituela pentsatzen dugulako, mutil jatorrak ez duela inoiz egingo pentsatuz. Argi erakutsi behar da uste hori ez dela egian oinarritzen, akatsa dela.

– Zer behar da nahaste honetatik irten ahal izateko?

Nire ustez, moral bikoitza argitu eta kanporatu behar dugu, oso barneratuta daukagun zerbait  baita. Oso kritikoak izan behar dugu pentsatzen dugunarekin, esaten ditugun gauzekin, geure jokabidearekin…; konturatu beharko genuke noiz gauden etikaren ikuspuntutik oso ona den zeozer esaten edo zer balio defendatzen ari garen momentu zehatz bakoitzean. Beharbada, batzuetan defendatzen duguna etikoki zuzena izan daiteke, baina gure desira, benetan nahi duguna, beste era batekoa da. Halakoak gertatzea nahiko arrunta da .Azken finean, “normala” horixe da, gure ingurutik ikasten dugun zeozer delako. Garrantzitsua izango litzateke etika eta desira maila berean kokatzea. Gainera, geure buruarekin kritikoak izan beharko genuke horrela jokatzen ez dugunean, eta beste batzuekin komentatu, ezinezkoa baita ikuspegi eta jarrera aldaketa  gertatzea, gure artean tankera horretako elkarrizketarik egiten ez bada. Edo hori egin, edo aurreko ereduari men egin, ez dago besterik. Aldi berean, berdintasunezko erlazioak eta gainera kartsuak nahi baditugu, nahitaezkoa da horrela jokatzea, aske eta era kritikoagoan erabaki ahal izateko zer nahi eta zer egingo dugun.

– Bukatzeko, zein bi ezaugarri uste duzu ezinbestekoak direla genero indarkeriari aurre egin ahal izateko?

Segurtasun maila egokia izatea gaiari aurre egiteko, kritikoa izateko, ez norberaren buruarekin bakarrik, baita beste pertsona batzuekin ere.  Bidegabekoa den opresio egoera bat gertatzen denean, ziurtasun handiaz gain, indar eta ausardia nahikoa izan behar duzu egoki jokatzeko, horri buruz hitz egin ahal izateko, eraso baten aurka argi eta garbi kokatu ahal izateko. Funtsezko ezaugarri eta jokabide horiek ezinbestekoak dira etikaren eta desiraren arteko lotura indarberritzeko. Horrela, ontasunak eta erakargarritasunak bat egin behar dute erlazio afektibo sexualak izateko aukeratzen ditugun pertsonengan.

Egilea: Idoia Uriarte

Loading