Gazte eta nerabeen harreman afektibo-sexualetan izaten den indarkeria mundu-mailan handituz doan gizarte- eta osasun-arazoa da. Indarkeria mota hori harreman egonkorretan zein noizbehinkako harremanetan gertatzen da, eta maila sozioekonomiko desberdineko emakumeei eragiten die. Ikerketa zientifikoek adierazi dutenaren arabera, gizartean hedatua dagoen eta gizon erasokorrak erakargarri gisa aurkezten dituen diskurtso hertsatzaileak indarkeria hori mantentzen laguntzen du. Horrela, jarrera sexista, erasokor eta dominatzaileekiko erakarpenean oinarritutako sozializazioa gertatzen da, eta horrek zenbait neskak harreman afektibo-sexualetarako aukeratzen dituzten mutil motetan eragiten du. Lehen harreman horien izaerak garrantzi handia du, horien oroitzapenek nesken memoria autobiografikoaren osagai bihurtzen baitira, eta etorkizuneko harremanen interpretazio eta jokabideetan eragiten du.

 

Egoera horrek sor dezakeen genero-indarkeriaren barruan berbiktimizazioa ekiditeko proposamena argitaratu du Sandra Racionero doktoreak, beste zenbait ikertzailerekin lankidetzan, Frontiers in Psychology aldizkarian. Ikertzaileek Radical Love: A revolution for the 21st century liburua irakurriz harreman afektibo-sexual biolentoen inguruan eraikitako memoria autobiografikoan eraldaketa eragiteko proposatzen dute.

 

Ikertzaileek 65 neska gaztek (17-27 urte) osatutako lagina bi taldetan banatu zuten, eta batek talde esperimental gisa funtzionatu zuen eta besteak, aldiz, kontrol-talde gisa. Ikerketaren lehen fasean, neska guztiek mutil batekin izandako harreman afektibo-sexual biolento baten oroitzapena idatzi eta oroimen horren kalitatea neurtzen zuen galdetegia bete behar izan zuten. Ondoren, talde esperimentaleko neskek Radical Love liburutik aukeratutako zenbait kapitulu irakurri zituzten; kontrol-taldekoek, berriz, ez zuten inolako irakurketarik egin. Amaitzeko, neska guztiek hasierako prozesua errepikatu zuten, eta oroitzapen berbera berridatzi eta galdetegi bera bete zuten.

 

Emaitzek argi erakutsi zuten Radical Love liburuaren irakurketak talde esperimentaleko nesken memoria autobiografikoan hainbat aldaketa eragin zituela. Irakurketa egin zuten neskengan oroimen kritikoa areagotu zen, eta harreman hartan jazotako gertaera biolento gehiago gogoratzen eta xehetasun handiagoz deskribatzen zituzten. Gainera, oroitzapenak eragindako emozio negatiboak handitu egin ziren eta positiboak, berriz, txikitu. Bestalde, liburuaren atalak irakurri zituzten neskek joera handiagoa adierazi zuten oroitzapenari buruz hitz egiteko eta beraien lagunekin partekatzeko. Azkenik, nesken etorkizuneko harremanen irudikapenean eragin zuen, eta, horretan, ezaugarri horiek dituzten mutilekiko harremanak baztertu zituzten.

Ondoriozta daiteke, beraz, indarkeriazko harreman afektibo-sexualen inguruan eraikitako memoria autobiografikoa eralda daitekeela hezkuntza-eremutik genero-indarkeriaren prebentzioan lan egiteko.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907