Azterlan batek ebidentzia ematen du mailaerrepikapenaren eta eskola-jazarpenaren biktima izateko arriskuaren arteko loturari buruz. Elkartze hori 46 herrialde/ekonomiatako ikasleengan eta bi sexuetako ikasleengan ikusi zen. Ikerketa Txinako Fudaneko Unibertsitateko Xiayun Zuok eta lankideek argitaratu dute munduko haurren osasunari buruzko ‘Medicine PLOS’ aldizkariaren ale berezian.
Larderiagatiko biktimizazioa munduko osasun publikoko arazo larria da, ikasleen hezkuntzarako eskubidea arriskuan jartzen duena. Azterlanaren arabera, 13 eta 15 urte bitarteko 130 milioi pertsona inguruk jasaten dute eskola-jazarpena mundu osoan. Egoera larri horri aurre egin nahian, Nazio Batuek eskola-indarkeriaren prebentzioa Garapen Jasangarriko Helburuen helburu espezifikotzat jo zuten.
Ildo horretatik, hainbat ikerketa egin dira, mailaerrepikapenaren ondorio akademikoei eta ezakademikoei buruzkoak, baina mailaerrepikapenaren eta eskola-jazarpenaren arteko loturei buruzko ebidentzia ez zegoen hain dokumentatuta. Ikerketa berri horren helburua, hain zuzen, lotura hori eskala handian ikertzea izan da, PISAren azken datuak erabiliz.
Horrela, azterlana Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako 2018ko programako datuen zeharkako azterlan globala da, eta 74 herrialde eta ekonomiatako 15 eta 16 urteko 465.146 ikasleri buruzko informazioa jasotzen du. Inkesta egin aurretik ikasmaila bat errepikatzearen eta azken 12 hilabeteetan beldurtu izanaren berri eman zuten ikasleek. Emaitza-neurriak bullying bidezko 6 biktimizazio mota izan ziren.
Oro har, laginean sartutako ikasleen % 12,25ek maila bat errepikatu zuen, eta ikasleen % 30,32k adierazi zuen jazarpena hilean batzuetan gutxienez jasan zuela aurreko urtean, nahiz eta prebalentzia hori asko aldatu herrialdeen eta ekonomien artean; hala ere, mutilekin alderatuta, ikasmaila errepikatzen zuten neskek arrisku handiagoa zuten isekak, mehatxuak eta jipoiak jasateko edo euren gauzak kentzeko.
Orain arte, maila errepikatzearen eta jazarpenaren arteko lotura ez da gertutik aztertu nerabeen lagin handiekin egindako ikerketetan. Horregatik, egileen arabera, emaitza horiek oso kezkagarriak dira familientzat, irakasleentzat, zuzendaritzentzat eta politiken arduradunentzat, batez ere, ikasmaila errepikatzea ohikoa den herrialdeetan. Era berean, uste dute larderia mota batzuk izateko arriskua handitzen duten sexu-desberdintasunek iradokitzen dutela maila bat errepikatzen duten neskatoentzako esku-hartze pertsonalizatuak justifikatuta egon daitezkeela.
Egilea: Isabel Mendizabal