Printzesen gaiak eztabaida asko sortzen ditu. Feminismoaren zati batek genero-indarkeriarekin eta sexismoarekin zerikusia duela uste du, baina ikerketen bidez ez da aurkitu genero-indarkeriarekin lotura hori bermatzen duen ebidentzia zientifikorik. Era berean, beste ahots feminista batzuek beren seme-alabentzako printzesen kultura hori aukeratzeko askatasuna aldarrikatu dute, ez dutelako uste hor arriskua dagoenik.
Coynek eta kideek egin duten eta 5 urte iraun duen luzetarako ikerketa batek urrats bat gehiago egin du zentzu horretan. Gainera, ikerketa ez da neskengan bakarrik zentratu, ohi den bezala, baizik eta baita mutikoengan ere, eta aurkitu dute ezin dela lotu printzesen kultura genero-estereotipoekin. Oro har, printzesen kulturak denboran zehar haurraren garapenean eragin txikia baina positiboa izan duela aurkitu zuten.
Zehazki, maskulinotasun tradizional hegemonikoari dagokionez, haurren eta printzesen kulturaren arteko harremana haurrek jarrera aurrerakoiagoak izatearekin lotzen zela ikusi zuten, eta maskulinotasun hegemonikoaren arauarekiko atxikimendu txikiagoa izatearekin, joera handiagoa baitzegoen mutilei sentimenduak erakusteko, batez ere pertsonen arteko harremanetan, maila sozioekonomiko txikiagoko inguruneetan.
Berdintasunezko jarrerak ere aurkitu zituzten. Nesken kasuan, joera handiagoa erakutsi zuten hezkuntza-aukerak gizonentzat eta emakumeentzat garrantzitsuak direla ikusteko.
Genero-estereotipoei dagokienez, emakumeak gizonen parekotzat jotzen zituzten, eta ez zen desberdintasun nabarmenik aurkitu haurren artean.
Gainera, gorputz-estimu handiagoa aurkitu zuten garapenean zehar, espero zenaren aurka. Egileen arabera, printzesen ipuinak ahalduntzaileak izan daitezke; izan ere, horietan printzesa asko protagonistak dira, gogor lan egiten dute ametsak lortzeko, erronka zailak gainditzen dituzte eta, sarritan, barne-indarra aurkitzen dute.
Egileek uste dute emaitza horietan guztietan eragina izan zezakeela Disneyko pertsonaien bilakaerak, gero eta eredu gehiago egoteak eta printze eta pertsonaia maskulinoek ere karaktere-sakonean eta konplexutasunean irabazteak (gaitasun emozional sakonagoa erakusten dute, zalantzak, beldurra eta tristura adierazten dituzte beren identitate maskulinoa mantentzen duten bitartean, indartsu eta independente agertuz, besteak babesten saiatuz). Gainera, haurrak gurasoekin egoten dira, eta horrek elkarrizketa kritikoak eragin ditzake.
Nolanahi ere, garrantzitsua da ikustea efektu positiboak, esan bezala, ez direla soilik neskengan islatzen, nahiz eta film horietako gehienak neskei zuzenduta egon, baita mutilengan ere.