Genero-indarkeriari buruz geroz eta gehiago eztabaidatzen da oro har. Esparru publikoetan zein pribatuetan, asko dira genero-indarkeriaz hitz egiten dutenak eta haren ondorio larriak gainditzeko esfortzuak antolatzen dituztenak. Azken urteotan gaiak indar handia hartu badu ere, garrantzitsua da denen eskura dauden ebidentzia zientifikoak ezagutzea, genero-indarkeria ahalik eta hoberen gainditzen lagunduko duten estrategiak eskuratzeko.
Hartara, Zientzia, Feminismo eta Maskulinitateen Nazioarteko Kongresuaren azken edizioan (2021ekoa), genero-indarkeriaren eta bigarren mailako genero-indarkeriaren esparruan historikoki egin diren aurrerapausoak zabaldu ziren, Lidia Puigvert eta Montserrat Sanchez-en eskutik. Ikerketa-mailan eta arlo politikoaren ikuspuntutik haien ezagutza partekatu zuten, kongresuari hasiera eman zion saioan. COVID-19aren pandemia dela eta, online egin zen kongresua, eta horren abantaila bat da, zalantzarik gabe, bertaratu ezin izan zirenek eskuragarri dutela hitzaldia.
Youtube plataforman dagoen bideo labur honek oso era erakargarrian eta zientzian oinarrituz azaltzen digu zer-nolako aurrerapen garrantzitsuak izan diren bigarren mailako genero-indarkeria gainditzeko, eta zein izan diren aurrerapen horien aitzindariak. Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zein bestelako etapetan erabiltzeko baliabide bikaina dugu bertan. Gainera, aurten ere kongresua online egingo denez, gaiaren inguruan ikasten jarraitzeko aukera paregabea izango dugu.