Ignacio Ellacuría Fundazio Sozialak, Emakunde – Instituto Vasco de la Mujer Euskal Erakundearen laguntzarekin, sexu-jazarpenaren aurkako prebentzioari eta jarduketari buruzko gida argitaratu du, sexu-jazarpenari buruzko oinarrizko oinarriak eta orientabideak eskaintzeko asmoarekin, bai eta protokolo propioa egiteko tresna praktikoak ere, edozein elkarterentzat baliagarriak izan daitezkeen ereduekin batera.
Fundazioak, sortu zenetik, migratzaileen elkarteen partaidetza-prozesuei laguntzen die, gizarte-eraldaketarako eragile aktibo indartsuak izan daitezen, garatu daitezen eta zeregin hori azaleratu dezaten. Eta, fundazioaren ustez, prozesu horietan jazarpenaren aurka jardutea eta prebenitzea, eta ez isiltzea edo ezkutatzea ezinbesteko bideak dira koherenteak izateko eta elkarteak indartsuagoak, eta demokratikoagoak izateko.
Gida modu parte-hartzailean egin dute migratuen hainbat erakunderen artean, eta gaian eragin sozial handiena duten oinarri zientifikoetatik abiatu da. Hartara, nazioarteko punta-puntako ikerketek sexu jazarpenari buruz zer esaten duten jakiteko, formazioa antolatu zuten Ana Vidu doktorearekin, Deustuko eta Calforniako Berkeley unibertsitateetako ikerlaria eta –MeToo Unibertsitatean sarearen sortzaileetako bat.
Formazio horretatik abiatuta, elkarteetako parte-hartzaileen batzorde batek gida egiten eta jazarpenaren aurkako jarduketa- eta prebentzio-protokoloak prestatzen lan egin du, hainbat elkarterekin batera.
Prozesu horretatik sortutako gidak, alde batetik, sexu-jazarpenaren definizio argia egiten du, eta sexu-jazarpena identifikatzeko eta prebenitzeko funtsezko hiru kontzeptutan sakontzen du:
- Aukeratzeko askatasuna. Adostasun sexualerako irizpideak deskribatzen ditu, aukeratzeko benetako askatasuna egon dadin. “EZ EZETZ DA” eta “BAKARRIK BAI DA BAIETZ” leloen artean egon den bilakaerari erreparatzen dio, eta ohartarazten du, azken lelo horretatik harago, hitzak ez direla nahikoak, ezinbestekoa dela komunikatzen dugun guztia kontuan hartzea eta ondorioei erreparatzea, ez asmoei.
- Beste aldera ez begiratzeak “Bystander intervention” izeneko jardunbidearen arabera jokatzeko jarraibideak ematen ditu.
- Genero-indarkeria isolatzailea. Kontzeptua argitzen du eta indarkeri hori ekiditzeko eta horrekin genero indarkeria desagerrarazteko, babesten duena babestearen garrantzia azaltzen du.
Beste aldetik, sexu-jazarpenaren aurkako jarduketa eta prebentzio protokolo bat sortzeko jarraibide praktikoak ematen ditu, zer egin, nola egin, noiz, norengana jo eta abarri buruzko orientabide zehatzak deskribatuko ditu.
Laburbilduz, argitaratutako gida, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta eta era partehartzailean egindakoa, oso lagungarria izan daiteke ingurune seguruak eta jazarpenik gabekoak bermatu nahi duen edozein elkarterentzat eta gainera herritarren parte-hartze demokratiko guneak sortzeko edo eta indartzeko.
Egilea: Isabel Mendizabal