Jakin badakigu bizitzaren lehenengo urteak zentzu askotan kritikoak direla, baita, Jane Spiteri, Peter Higgings eta Robbie Nicol-ek diotenez, garapen jasangarrirako oinarrizko nozioak barneratzeko ere. Haur Hezkuntzak aukera paregabeak eskaintzen ditu ingurumenaren oinarrizko ideiak ikasteko, bai eta naturarekiko erantzukizuna garatzeko ere. Horretarako, ikerketen arabera, naturarekin harreman zuzena izatea garrantzitsua da (eta Euskal Herriak badu horretan zeresana!).
Hala, gaur egungo haur txikiek naturarekiko errespetuzko harremanak izaten ikasten badute, etorkizuneko heldu erantzule izan daitezke, kontuan harturik euren esku egongo direla jasangarritasunaren inguruko erabakiak. Haur txikiek naturarekin eraikitzen dituzten harremanak inguruko helduen esperientziarekin lotuta daude, eta ikerketak dio harreman mota horiek testuingurutik testuingurura ezberdinak izan daitezkeela. Hala, landa-guneetan hazi diren haurrek naturarekiko kontaktu estuagoa dute, eta azkarrago ulertzen dituzte bizitza-sistemen arteko erlazio konplexuak.
Gauzak horrela, Maltako eskola bateko zazpi haurrekin gai horretan sakondu dute Spiteri eta kolaboratzaileek, eta aztergai izan dute 3-7 urte bitarteko umeei zerk laguntzen dien naturarekiko errespetuzko jarrerak garatzen. Horretarako, haurrek naturarekin lotutako marrazki bat egin zuten, eta euren artefaktoen inguruko elkarrizketak izan zituzten.
Emaitzek diotenez, haur txikien naturaren kontzeptuak askotan gizakia kanpoan uzten du. Gizakia naturan “sartzen” denean, hura zaintzeko dela diote parte-hartzaileek. Gainera, natura estatikoa izatetik urrun zegoela defendatzen dute umeek, nahiz eta batzuetan naturan gertatzen diren aldaketak gizakiaren “errua” diren. Adibidez, kutsadura arazo larri gisa aipatzen zuten umeek, eta naturan zer-nolako aldaketak sortzen dituen azpimarratu zuten.