Talde etniko batzuen eskolako parte-hartzea eta euren inklusiorako eta arrakastarako bideak zabal eztabaidatu den gaia dira. Baina, nahiz eta ikerketa ugari egon gai horren inguruan, eskolen errealitatea da askotan arrazismo-kutsuak topatzen ditugula; izan ere, zenbait talde etnikotako ikasleek hezkuntza-esperientzia ezberdinak dituzte “gehiengo kulturalarekin” konparatuz. Hezkuntza-ibilbidean normalak ez diren elementu estresagarriak topatzeko aukera gehiago dituzte “gutxiengo kulturaleko” ikasleek, ikerketen arabera.
Gauzak horrela, jakina da, egoera zail horien aurrean, erresilientzia sustatzen duten elkarrizketek heldu eta haurren artean gaitasun handia izan dezaketela ikasleen arrakasta akademikoa eta ongizatea bermatzeko.
Mekanismo horiek hobeto ulertzeko, Child Development aldizkari zientifikoan hilabete honetan argitaratu berri den artikuluan sakontzen dute Estatu Batuetako Kimberly R. Osborne eta kolaboratzaileek. Ikerketan, ikasle latinoek eta beltzek eta haien senideek parte hartzen dute, eta, egoera hipotetiko bat aurkeztu ondoren, haien iritziak eta elkarrizketak jaso eta aztertu zituzten. Agertoki hipotetiko horretan, ikasle beltz batek zientzia-eskola aurreratu baten inguruan galdegiten dio orientatzaileari, eta horrek berehala esaten dio: “zu bezalako ume bati ez dagokio horrelako klase batera joatea”.
Egoera hipotetiko horren aurrean, ikasleak eta haien senideak gonbidatzen dituzte haien iritziak partekatzera: zer egingo lukete haiek ikasle hori balira?
Parte-hartzaileen elkarrizketak eta iritziak jaso eta aztertu ondoren, dirudienez, haietako gehienek biziki hartzen dute parte arrazakeriaren inguruko literatura aipatuz, eta, era berean, adierazten dute orientatzailearen jarrera guztiz ilegala dela.
Hala, irakasleen edota eskolako zuzendaritza-taldeen arrazismoak “gutxiengo kulturaleko” ikasleen hezkuntza-esperientzia izugarri kaltetzen du, hezkuntza-etapa guztietan. Beraz, ikasleak horri aurre egiteko estrategia proaktiboekin hornitzeak diskriminazioaren kalteen aurkako babes gisa balio dezake.
Egilea: Kaiera