Sexu-abusuak jasan izana arrisku-faktore esanguratsua da osasuna arriskuan jartzen duten hainbat portaeratarako, helduek eta nerabeek beren buruaz beste egiteko asmoak eta saiakerak barne. Ikerketen arabera, haurren % 8k baino gehiagok sexu-abusuak jasan ditu, eta emakumeak bakarrik kontuan hartuta, % 22ra heltzen iristen dira haurtzaroan sexu-abusuak jasan zituztenak.
Eisenberg eta kideek egindako ikerketaren helburua sexu-abusuak jasaten dituzten gazteen artean babes-faktore jakin batzuek jokabide suizidak izateko arriskua murriztuko duten hipotesia frogatzea da. Horretarako, inkesta bat helarazi zitzaien Minnesotako 6., 9. eta 12. mailako 83.731 ikasleri, eta lau talde bereizi ziren: sexu-abusuen aurrekaririk gabekoak; familiakoa ez den batengandik abusuak jasandakoak; familiakoa den batengandik abusuak jasandakoak; eta familiakoak nahiz familiakoak ez diren pertsonengandik abusuak jasandakoak.
Haurtzaroan sexu-abusuak jasan zituzten gazteek, beste gazte batzuekin alderatuta, jokabide suizidak izateko arrisku handiagoa zutela ikusi zen. Aldiz, babes-faktoreak kontuan hartu zirenean, haurtzaroan sexu-abusua jasan zuten gazteentzat aurreikusitako jokabide suizidak izateko probabilitateak nabarmen murriztu ziren, eta familiaren babesa lau babes-faktoreen artean indartsuena izan zela argi ikusi zen. Familia-konexioa, irakasleen edo beste heldu batzuen zaintza eta ikastetxea espazio seguru gisa hartzea ideazio-maila txikiagoekin eta suizidio-saiakera gutxiagorekin lotzen dira, bai mutilen bai neska nerabeen kasuan.
Sexu-abusuaren esperientzia larria bada ere, egiaztatzen da kalitatezko elkarrekintzek ongizate emozional eta fisiko handiagoa lortzeko bizi-ibilbideak hobetzen lagundu dezaketela, eta hori babes-faktore garrantzitsuenetako bat da nerabeen artean suizidio-arriskua murrizteko.
Beraz, azterlan horretatik atera daiteke, sexu-abusuen aurrekariak dituzten nerabeengan babes-faktoreen mailak igoz gero, suizidio-asmoak eta saiakerak nabarmen murriztu daitezkeela.
Egilea: Ane Olabarria