Praktikatzen ez dena ez da ikasten. Horregatik, hizkuntza bat ikasteko, ezinbestekoa da ikasi nahi den trebezia praktikatzea. Ahozkoan trebatzeko, hitz egin beharra dago, ahozkotasuna praktikatu beharra dago. Ondorioz, ikasgelan zer ataza eta zenbatetan egiten diren esanguratsua izan daiteke. Horixe du ikergai berriki argitaratu den artikulu honek: Language learning activities in the Spanish L2 classroom related to a task-based framework: What types are the most commonly occurring according to Swedish learners? (Hizkuntzak ikasteko jarduerak gaztelaniazko 2H gelan, atazan oinarritutako esparru batekin lotuta: Suediako ikasleen arabera, zer motatakoak dira ohikoenak?). Bigarren Hezkuntza amaitu berri zuten ikasleek osatu zuten lagina, eta, beraz, Bigarren Hezkuntzako esperientzia izan zuten aztergai.
Emaitzek garbi islatu zuten batik bat hizkuntzaren forma lantzen zuten ariketak eta izaera ez-komunikatiboko ariketak zirela nagusi. Horrez gain, ariketak gehienbat idatzizkoak zirela erakutsi zuten ikerketaren emaitzek, eta idatzizko ariketa horiek nagusiki bakarka egiten zirela. Komunikazio-trebeziak lantzera bideratutako ariketak askoz urriagoak ziren. Aurretik Suedian egin ziren ikerketek berdina islatzen zuten. Desoreka horren ondorioz, ikasle gehien-gehienak askoz hobeto moldatzen ziren bigarren hizkuntza idazten eta okerrago moldatzen ziren ahozkoan; horrela, urrun gelditzen ziren espero zitzaien mailatik, batik bat ahozko trebeziari zegokionez.
Kasu honetan, Suedian egunerokotasunean gaztelania ikasteko aukerarik ez dagoenez, ikastetxean egiten denak berebiziko eragina du ikasleen emaitzetan.
Ikerketak, halaber, argi iradokitzen du zer lotura dagoen ikasgelan egiten denaren eta lortzen diren ikaskuntza-emaitzen artean.
Egilea: Harkaitz Zubiri