Seattleko (AEB, Washington estatua, Microsoft edo Amazon bezalako enpresen sorlekua) eskola-barruti publikoko ehundik gora eskola publikok bat egin dute sare sozial ezagunenen jabe diren plataforma teknologiko handiak salatzeko, Estatu Batuetako gazteei eragiten dien osasun mentalaren krisian duten erantzukizuna beren gain har dezaten.
Sare sozial nagusiek (TikTok, Facebook, Instagram, YouTube eta Snapchat) 91 orriko salaketa jaso dute, gazteen osasun mentala eta euren jokabideak kaltetzen dituztelako. Eskari horretan, sare sozialei leporatzen diete gazteentzako eduki kaltegarriak gomendatzea, bai eta modu aktiboan sustatzea ere, hala nola: anorexiaren eta elikadura-nahasmenduen aldeko edukiak, eta erronka zentzugabeak nahiz arriskutsuak, nork bere burua zauritzera bideratutakoak. Horrela, eskoletako funtzionarioen arabera, osasun-nahasmenduak, antsietatea, depresioa, elikadura-nahasmenduak eta ziberjazarpena areagotzen ari dira. Horrek guztiak ikasleen hezkuntza zailtzen duela diote, eta eskolak osasun mentaleko profesional gehiago kontratatzera behartu ditu.
Zehazki, eskatzaileek publizitatean oinarritutako negozio-eredua salatzen dute, eredu horren bidez, erabiltzaileek pantailen aurrean denbora gehiago pasatzeko moduak garatzen baitituzte, gazteen kalteberatasunaz baliatuta.
Facebookek, Twitterrek, Instagramek eta Googlek mundu osoan eragin positiboa izan duten produktuak sortu dituzte; sare sozialei esker, nerabeek onlineko identitateak sortzen dituzte, beste batzuekin komunikatzen dira eta lotura sozialak eraikitzen dituzte, baina etengabe erabiltzeak eragin negatiboa izan dezake. Osasun mentalaren eta nerabeen harremanen arteko harremanari buruzko ikerketak geroz eta ugariagoak dira. Kaieran ere PHUBBING-aren eragin emozional kaltegarrien inguruko ikerketa argitaratu berri dugu, nerabeen artean etengabe areagotzen ari den praktika.
Instagram, Facebook, YouTube, SnapChat eta TikTok sareak salatu dituzten eskolen ustez, hori lehen urratsa izango da enpresen jabe diren erraldoi teknologikoek gazteen osasun mentalaren krisian duten eginkizunaren erantzukizuna har dezaten. Haien ustez, enpresa teknologikoek fakturaren ardura hartu beharko lukete, eta beren plataformetan diseinu-aldaketak egin beharko lituzkete gazteek erabiltzeko baldintzak hobetzeko, sareen norabidea aldatuz.
Edonola ere, gazteek eta familiek sare sozialek izan ditzaketen arrisku emozionalak eta psikologikoak ezagutu behar dituzte, bai eta plataformek seme-alabei ohitura osasungarriak ahalik eta azkarren hartzen laguntzeko eskaintzen dituzten tresnak ere.
Ikastetxeetan jakin badakigu, Interneten eta sare sozialen erabilera egokian trebatzea egungo curriculumaren helburua den arren, ez garela gazteengana iristen ari. Gainerako guztian bezala, irakasleok eta familiok elkarrizketaren bitartez elkarlanean aritu behar dugu.
Egilea: Isabel Mendizabal