Badira 5 urte Kaiera lehen aldia argitaratu zenetik. Hezkuntzari buruzko eragin sozialeko ebidentzia zientifikoak euskaraz plazaratu dituen egunkari bakarra gara. Euskal hezkuntza, ikasleen ikaskuntza eta ongizatea, irakasleen formakuntza, familien parte-hartzea eta, azken finean, guztiok merezi dugun kalitatezko hezkuntza sustatu dugu.
Urtetik urtera, Kaieran parte hartu duten pertsonak oso anitzak dira, eta beraien interes eta profil ezberdinak egunkari honen aberastasuna zabaldu dute, beti ere orientabide zientifikoarekiko zintzotasuna ziurtatuz. Eskoletako edo beste esparruetako esperientziak, pil-pilean dauden gaiei buruzko ebidentzia zientifikoen laburpenak, indarkeria 0 lortzeko zientzian oinarritutako jarduerak, baliabideak eta beste hainbat partekatu ditugu.
Nazioarteko mailan, gero eta gehiago eskatzen ari da gizartean, batez ere orain arte ezberdinkeria gehiago sufritu duten talde sozialetan, Giza Eskubideen 27. artikulua guztiontzat egia bihurtzea: aurrerapen zientifikoen onurak jasotzea eta horietan parte hartzea. Kaiera jaio zenetik konpromezu hori hartu genuen, eta egunero lan egiten dugu hezkuntzari buruzko inpaktu soziala duten ebidentzia zientifikoak zabalduz, doan eskura daitezen. Hurrengo urteetan hala jarraituko dugu, “Hezkuntzari buruz egunero” idazten, elkarrekintzan, Euskal Herrian eta mundu osoan ebidentzia zientifikoetan oinarritutako hezkuntza sustatuz.