Adingabeen aurkako indarkeria hezkuntza-arloko gaurkotasunaren protagonista izan zen joan den astean, zoritxarrez. Gertatu diren eskola-jazarpen kasu berri eta larriek hezkuntza-arloko egunotako tituluak bereganatu dituzte, adingabeen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen ari zen astean.
Joan den ostiralean, irailak 23, sexu-esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan, Euskal Herriko Unibertsitateak, UPV/EHUk, “Haurren aurkako sexu-esplotazioa. Ezkutuko errealitate bat azalduz, prebentzioan eta esku-hartzean prestatzeko” jardunaldia egin zen. Jardunaldian ekintza zibil eta instituzionaletik, asoziazionismotik eta unibertsitateko ikerkuntzatik antolatutako jarduerak aurkeztu ziren, besteak beste. Hezkuntza formalean lan egiten dugunok ere errealitate larri horren aurrean zerbait egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari. Eskoletan, institutuetan, zerbait egin dezakegu indarkeria horren prebentzioan laguntzeko?
Jardunaldian parte hartu zuen Lidia Puigbert-ek, genero indarkeriaren prebentzioan munduko zazpigarren ikertzaile zitatuenak, argi eta garbi adierazi zuen abusu-egoerak gainditzeko funtsezkoa dela esku-hartze eraginkorrak praktikan jartzea, inpaktu sozialaren ebidentzia zientifikoek erakusten dituztenak. Eta, ildo horretatik, Puigbertek “Ikasleen ongizatea lortzea guztientzat: indarkeriarik gabeko hezkuntza-testuinguruak” izeneko txostena aurkeztu zuen, haurren aurkako indarkeriak eta haien errealitatea hobetzen duen eragina azaltzen dituen txosten analitikoa, hain zuzen ere.
Txosten horretan, haurren aurkako indarkeriak dituen ondorio kaltegarriak arintzen eta horiek prebenitzeko ingurune seguruak sortzen arrakastatsuak diren Europa osoko 13 programako zerrenda jasotzen da, baita hori lortzen ez duten programen zerrenda ere. Horrekin batera, programa horien gizarte-inpaktuaren ebidentziak edo haien gabezia kontsultatzeko iturriak biltzen dira.
Maiatzean, 2023ko Eskolako Indarkeriaren eta Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Egunean, Sandra Racionerok, Europako Batzordeak haurren aurkako indarkeria gainditzea lortzen duten jarduerei buruzko dokumentua egiteko kontratatutako taldeko kideak, Puigbertek ostiraleko jardunaldian aipatutako txostenaren berri eman zion hezkuntza-komunitateari, “Eskola-jazarpena gainditzea posible da” izeneko artikuluaren bidez. Artikulu horretan argi eta garbi laburbiltzen zituen adingabeen bizitza hobetzea lortzen duten programen ezaugarri komunak:
- Komunitate osoaren inplikazioa.
- Irakasleen, ikasleen eta komunitatearen prestakuntza zientifikoa.
- Kalitatezko giza harremanetan oinarritutako inguruneak sustatzea.
Racionerok artikuluan azaltzen duenez, adingabeen arteko indarkeria areagotzearen arrazoi nagusia da politiketan eta profesionalen eta senideen prestakuntzan ebidentzia zientifikoak ikusezin bihurtzen direla.
Prebentzio-neurriak eskura baditugu, beraz, orain, horiek aplikatzea inoiz baino beharrezkoa da.
Egilea: Isabel Mendizabal