Tertulia Dialogikoak hezkuntza-premia bereziak dituzten eta ez dituzten ikasleekin
(Periódico Educación-etik itzulita)
“Preventing bullying of students with special educational needs through dialogic gatherings: a case study in elementary education” izeneko ikerketa bat argitaratu berri da Natureko “Humanities and Social Sciences Communications” aldizkari zientifiko ospetsuan, eta Tertulia Dialogikoek (TD) desgaitasuna duten ikasleen aurkako eskola-indarkeria prebenitzeko eta adiskidetasuna sustatzeko duten ahalmena aztertzen du. Hori funtsezkoa da, beste ikasketa batzuek erakusten baitute eskolan kalitatezko lagunak izateak bullyinga prebenitzen lagun dezakeela.
TDak Lehen Hezkuntzako laugarren mailako bi gelatan egin ziren 2022ko maiatzean eta ekainean. Horiek ikasle guztiekiko gizarte-kohesioa eta eskola-jazarpenaren prebentzioa sustatzean oinarritu ziren. TD saioak irakasleen, senideen eta ikertzaileen arteko lankidetza estuan egin ziren, eta gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izan zuten. Zientzia-dibulgazioko bi testu erabili ziren saio bakoitzerako. Testu horiek eskola-jazarpenaren prebentzioari buruzkoak ziren, eta “Kaiera” euskarazko hezkuntzako ebidentzia zientifikoei buruzko egunkarian argitaratuta zeuden. TDren lehen saioa ikasleen ongizate emozionalean eskola-kidetasunak duen papera aztertzen zuen ikerketa batean oinarritu zen (Palikara et al., 2021); bigarrenean, berriz, “Lagun bat altxor bat da eta eskola-jazarpenari aurre egiten lagun diezazuke” izeneko artikulua erabili zen, Frontiers for Young Minds (Navarro et al., 2018) aldizkarian argitaratutako azterlan baten egokitzapena, eskola-jazarpeneko egoeren adibideak jasotzen zituena.
TDetan, parte-hartzaile guztiak zirkuluan eseri ziren, eta ikasleek, haien senideek, irakasleek eta ikertzaileek testuei buruzko gogoetak partekatu zituzten, beren esperientzia pertsonalekin erlazionatuz eta landutako gaietan sakondu zuten elkarrizketak eginez. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen parte-hartze ekitatiboa bermatzeko, aurretiko prestakuntza-saioak ezarri ziren. Irakurketa partekatua eta ulermen-jarduerak barne hartu zituzten, hezkuntza bereziko irakaslearen laguntzarekin.
Datuen analisiak agerian utzi zuen TDak eraginkorrak izan zirela ikasleek indarkeriarik gabeko harremanei buruz zuten kontzientzia areagotzeko eta haien lehentasunak jokabide baketsuetara bideratzeko. Ikuspegi horrek lehen hezkuntzako geletan bizikidetza hobetzeko potentziala du, eta bereziki garrantzitsua da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak sartzeko. Lehen isolatuta zeuden haurrak ikasgelan parte hartzen hasi ziren, denbora librean berdinekin jolasten hasi ziren eta, kasu batean, haur batek bere burua zauritzeari utzi zion. Irakasleek adierazi zuten inpaktu horiek denboran iraun dezaten ezinbestekoa dela TDak egiten jarraitzea.
Egilea: Garazi Alvarez