(Periodico Educacion-etik itzulita)
Gaur egun, eskola-indarkeriari eta jazarpenari edo bullyingari buruzko kontzientziazioa inoiz baino handiagoa da, eta gero eta gehiago baloratzen da irakasleak behar bezala formatzea, gaitz larri horri aurre egiteko. Hala ere, sentsibilizazioan aurrera egin den arren, irakasleek jasotzen dituzten formakuntza askok ez dute oinarri zientifiko sendorik, eta konponbideak eman beharrean, egoera okertu ere egin dezakete.
Formazio eztabaidagarri eta kaltegarrienetako bat “kopiaren” ideia jokabide negatibo, oldarkor eta bortitzen justifikazio gisa sartzen duena da. Saio horietan, ustezko “aditu” batzuek metaforak eta adibideak erabiltzen dituzte, irakasleei baieztatzeko “denok dugula beste ni bat” edo “kopia bat”, batzuetan gure kontroletik kanpo jarduten duena. “Teoria” honen arabera, norbaitek ikaskide bati irain egiten badio, bere burua justifika lezake esanez ez dela bera izan, “haren kopia” baizik. Ideia honek, muturreraino eramanda, sexu-abusua bezalako ekintza larriak justifika ditzake, premisa arriskutsu honen pean: “ez da norbera jarduten duena, haren kopia baizik”. Zoritxarrez, horrelako kasuak dagoeneko agertu dira bizitza errealean. Duela hilabete batzuk, gazte batek ume bat hil zuen eta bere burua justifikatu zuen esanez ez zela bera izan, bere “kopia” baizik. Zoritxarrez, hau ez da kasu isolatua.
Baina zer mezu mota ari dira transmititzen irakasleei teoria horrekin? “Formakuntza” mota horrek ez du babes zientifikorik, eta, gainera, jazarpenarekiko eta indarkeriarekiko permisibitate-ingurunea sustatu dezake, erasotzaileek beren ekintzen erantzukizuna saihesten dutela justifikatuz. Enpatia eta erantzukizun pertsonala sustatu beharrean, formakuntza honek ekintzen ondorioak bere gain hartzearen garrantzia lausotzen du, eta hori oso kaltegarria da.
Funtsezkoa da bullyingari eta eskolako beste indarkeria mota batzuei aurre egiteko irakasleek jasotzen dituzten formakuntzak inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan eta eskolako giroa hobetzeko eraginkorrak direla erakutsi duten estrategietan oinarrituta egotea.
Horregatik, premiazkoa da administrazioek eta ikastetxeek arreta handiz jokatzea prestakuntza horiek emango dituzten “profesionalak” edo “adituak” hautatzerakoan, eta ziurtatzea formakuntza horiek inpaktu soziala duten ikerketa zientifikoetan oinarrituta egongo direla. Horrela bakarrik bermatu ahal izango dugu irakasleak behar bezala prestatuta egotea egoera horiei aurre egiteko eta gure ikasgeletan ingurune seguru eta errespetuzkoa sustatzeko.
Argazkia: Unsplash
Egilea: Ane Olabarria