Gero eta gehiago, zientzialariek, ikerketa-programaek eta herritarrek eskatzen dute ikerketa zientifikoak haien bizitzetan eta gizartean eragin positiboa izatea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluak ezartzen duen moduan. Hala ere, generoaren arloan,  jada ikertu da hezitzaileei, gurasoei eta baita haurrei zuzendutako programak askotan oinarri zientifikorik gabe egoten direla eta gezurretan oinarritzen direla. Adibidez, genero-indarkeria prebenitzeko helburua duten programa askok maitasun erromantikoa genero-indarkeriaren biktimizazioaren oinarritzat hartzen dute;  ikerketek dagoeneko gezurtatu dute hori. Beste uste oker ezagun bat da harreman esporadikoek etorkizuneko harremanetan eraginik ez dutela, eta hori ere gezurtatu egin da. Horrez gain, feminismoaren aurkako balioak dituzten egileen teoriak zalantzarik gabeko erreferentziatzat aurkezten dira, hala nola Foucault edo Beauvoir-en ideiak.

Digitalizazioak eta adimen artifizialeko teknologiek aukera berriak ireki dituzte herritarren parte-hartzerako zientzian, hau da, komunitate-zientzia edo herritarren zientzia izenez ezagutzen dena. Generoari buruzko ebidentzia zientifikoan oinarritutako Sappho bezalako plataformek erabiltzaileei eztabaidatzeko eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako baieztapenak egiaztatzeko aukera ematen diete, ezagutzaren demokratizazioari lagunduz. Ikuspegi horrek zientziaren sorkuntza partekatua sustatzen du, non zientzialariek eta herritarrek baldintza berdinetan parte hartzen duten, haien esperientziekin eta ikuspegiekin ikerketa aberastuz. Horri buruzko lehen ikerketa zientifikoa aurkeztu da duela hilabete batzuk. 

Sapphoren erabiltzaileekin egindako ikerketa kualitatiboak erakutsi du plataformak ebidentzia zientifikoa eta gezurrak bereizten lagundu diela, bai beren praktika profesionalean bai pertsonalean. Parte-hartzaileek baloratu dute eztabaida zientifikoetan parte hartzeko aukera izatea eta beren argudioak ebidentzian oinarritzeak eman dien ahalduntzea. Gainera, plataformak hausnarketa pertsonala eta harremanen eraldaketa sustatu ditu, genero-indarkeriaren prebentzioari lagunduz. Parte-hartzaile honen hitzetan labur uler daiteke: 

Beraz, edonork erabil dezake nik jarritako ebidentzia, eta horrek ebidentzia esperientziekin aberasten du; hau da, ikerketa handia ere bada, ezta? (…) Jendearen esperientziak lotura zuzen moduko bat dira, ezta? Ikerketaren eta jendearen eguneroko bizitzaren artean. (James, lehen hezkuntzako irakaslea)

Ondorioz, ikerketak nabarmendu du ezagutza zientifikoaren sorkuntza partekatuaren garrantzia eta generoari buruzko desinformazioa indargabetzeko beharra. Sappho bezalako plataformek ez dute soilik zientziarako sarbidea demokratizatzen, baizik eta herritarrak ahalduntzen dituzte erabaki informatuak hartzeko eta beraien ongizatea eta komunitateena hobetzeko.

Egilea: Ane López de Aguileta

Loading