Lehen Hezkuntzako irakasle gisa, poztu egin ninduen TeachXEvidence proiektuak eskoletan genero-indarkeria prebenitzeko ebidentzia zientifikoetan oinarritutako materiala argitaratu izanak, oso lagungarria izango baitzait nire ikasleekin eztabaida kritikoa sustatzeko.
Aurreko artikuluan Bigarren Hezkuntzan genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko proiektu honek eskaintzen duen materiala aurkeztu zen. Oraingo honetan, Lehen Hezkuntzako helduenekin (8-12 urte) lantzeko materiala aurkeztuko dugu.
Material guztia TeachXEvidenceren webguneko baliabideen atalean dago eskuragarri. Bertan, Lehen Hezkuntzarako, irakasleentzako gidaz eta orientabideez gain, ikasleekin lantzeko 5 saio proposatzen dira, bakoitza dagokion aurkezpenarekin.
Irakasleentzako materialak
- Lehen Hezkuntzako gida
- Lehen Hezkuntzako aurkezpenen gida (orientabideak)
Aurkezpenak
- Zer da eta zer ez da indarkeria?
- Nor/zer gustatzen zait eta zergatik?
- Maitasun ideala eta adostasuna
- Adiskidetasuna
- Bystander intervention, genero indarkeria isolatzailea eta 0 indarkeria Ausarten Kluba.
Irakasleentzako gida-dokumentuetan materialaren oinarri diren ebidentzia zientifikoak agertzen dira (artikuluak, liburuak…). Bertan zehazten den moduan, “irakasleak jarduera horien oinarri diren ezagutza zientifikoak izan behar ditu. Jardueren errealizazio teknikoa ez da nahikoa garapen on baterako; aitzitik, beharrezkoa da jarduera horien oinarri diren ezagutza zientifikoetara jo ahal izatea“.
Bestalde, irakasle, eskola eta ikasleentzako orientabide orokor batzuk eskaintzen dira, jarduera guztietan zehar kontuan hartu behar direnak.
Proposatzen diren 5 saioetan berdintasunezko elkarrizketa (argudioen erabilera lehenetsiz eta baloratuz) kritikoa eta errespetuzkoa bilatzen da. Saioetan zehar, ikasleek aukera izango dute eztabaidatzeko zer den indarkeria eta zer ez, nor/zer gustatzen zaien eta zergatik, zer den maitasun ideala, zer den adostasuna, zergatik den garrantzitsua biktima eta hura defendatzen duten pertsonak defendatzea edo zer den benetako adiskidetasuna.
Material honen lanketa aukera bikaina izan daiteke ‘0 Indarkeria Ausarten Kluba’ Hezkuntza Jarduera Arrakastatsua martxan jartzeko eta eskolan indarkeriarik gabeko testuingurua eraikitzeko.
Egilea: Aitor Galar
