Eskola-indarkeriak milaka ikasleri eragiten die mundu osoan, eta ondorio oso larriak izan ditzake: beraien ongizate fisikoan, emozionalean eta baita errendimendu akademikoan ere, besteak beste. Erronka horren aurrean, irakasleen formakuntzak berebiziko garrantzia du. Literatura zientifikoak erakutsi du irakasleak funtsezkoak direla eskola-indarkeria prebenitzeko eta konpontzeko. Hala ere, irakasleek rol hori arrakastaz bete ahal izateko, beharrezkoa da jasotzen duten formakuntza ahalik eta eraginkorrena izatea eta, batez ere, funtzionatzea. Gauza bera gertatzen da etorkizuneko irakasleekin. Hau da, unibertsitateko hezkuntzako ikasleekin. Etorkizuneko irakasle horien formakuntza ere funtsezkoa da eskola-indarkeriari aurre egiteko. Agerian da formakuntza dialogikoak hala nola Solasaldi Pedagogiko Dialogikoek (SPD), emaitza oso positiboak lortzen dituztela irakasleen formakuntzan. Elkarrizketan oinarritutako saio horiei esker, etorkizuneko irakasleek arazoak hobeto ulertzeaz gain, irtenbide praktiko eta eraginkorrak ere aurki ditzakete.
REMIE aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek gai horri heltzen dio. Hau da, ikerketak aztertu du ea Solasaldi Pedagogiko Dialogikoek etorkizuneko irakasleek eskola-indarkeriari heltzeko duten autoeraginkortasunean eragin positiboa izan dezaketen.
Ikerketa Espainiako unibertsitate batean zentratu zen, eta bertan Solasaldi Pedagogiko Dialogikoak egin ziren, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako unibertsitate-graduetako 98 ikaslerekin. Horietatik, 8 ikasle elkarrizketatu zituzten, gutxienez bi SPD-etan parte hartu zituztenak.
Ikerketaren emaitzek erakusten dute elkarrizketatutako ikasleek positiboki baloratu zituztela Solasaldi Pedagogiko Dialogikoak. Saioei esker ezagutza berenganatu zutela eta eskola-indarkeriarekiko jarrerak nabarmen aldatu zituztela nabarmendu zuten. Parte-hartzaileak prestatuago eta profesionalago sentitu ziren horrelako egoerei aurre egiteko, ebidentzia zientifikoaren garrantzia eta konponbideetara bideratutako ikuspegia nabarmenduz. Gainera, gelan giro segurua sortu zela ere azpimarratu zuten parte hartzaileek eta horrek ezagutzaren eraikuntza kolektiboa erraztu zuela aitortu zuten, ikasleek testu zientifikoak beren esperientziekin lotzea ahalbidetuz. Izan ere, horietako batzuek ikasitakoa ikasgelatik kanpoko testuinguruetan aplikatu zuten, hala nola eskolaz kanpoko jardueretan edo irakaskuntza-praktiketan. Formakuntza hauek lagundu egin zien parte-hartzaile hauei eskola-indarkeriaren dinamikak hobeto ulertzen eta indarkeria horri aurre egiten.
Laburbilduz, ikerketak azpimarratzen du garrantzitsua dela etorkizuneko irakasleak formatzea eskola-indarkeriaren prebentzioan, Solasaldi Pedagogiko Dialogikoak bezalako jarduera arrakastatsuen bidez. Ikuspegi horrek ikasleen prestakuntza hobetzeaz gain, hezkuntza-ingurune seguruagoak eta errespetuzkoagoak sortzen ere laguntzen du, guztiontzako kalitatezko hezkuntza garatzen lagunduz, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz.
Argazkia: Freepik
Egilea: Ane Olabarria