PISA bezalako nazioarteko ebaluazioen emaitzak interpretatzeko moduak, batzuetan, determinismo sozialaren logiketan oinarritzen dira eta hezkuntza-aukeren berdintasuna oztopatzen dute. Diskurtso zabalduenek diote ikasleen errendimendu eskasaren atzean haien jatorri sozioekonomikoa, migrazio-egoera edo gutxiengo etniko bateko partaide izatea dagoela. Interpretazio horiek, ordea, ikasleen gaitasunak baldintzatzen dituzten faktore gisa aurkezten dituzte horiek guztiak, eta ikastetxeen ardura eta eragina bigarren mailan uzten dute. “Achieving the same educational opportunities for all: overcoming hoax interpretations of the PISA results” artikuluak, kontrara, hezkuntza-jarduera arrakastatsuen bidez egoera horiek gainditu daitezkeela erakusten du.
Horretarako, Espainiako egoera sozioekonomiko zaurgarrian dagoen auzo batean kokatutako ikastetxe baten kasua aztertzen da, non Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak (HJA) ezarri diren. Ikastetxe horretan ikasleen %90 inguru egoera sozioekonomiko desabantailatuan bizi da, eta horien artean ijito komunitateko ikasle asko daude (%65a). Ijito ikasleek, historikoki, eskola-porrot tasa handiak izan dituzte Espainian, eta diskriminazioaren eta estigmatizazioaren ondorioz, askotan ez dira beren potentzial akademikoa garatzeko baldintza egokietan egoten. Kasu aztertuan, HJA-en bidez, ikastetxeak arrakasta akademiko nabarmena lortu du.
2021–2022 eta 2022–2023 ikasturteetako seigarren mailako gaitasun akademikoen emaitzak aztertuz, ikerketak erakusten du ikasleek, ijitoak barne, batezbestekotik gorako emaitzak lortu dituztela. Halaber, absentismo-tasak nabarmen jaitsi dira, eta familien parte-hartzea eskolako bizitzan handitu da. Datu horiek guztiek erakusten dute jatorri sozioekonomiko edo etnikoa ez dela oztopo gaindiezina, baldin eta esku-hartze pedagogiko egokia egiten bada.
Artikuluak ondorioztatzen du PISAren interpretazio deterministak gainditu beharreko “iruzur intelektual” bat direla. Ijito ikasleen kasuak argi erakusten du, iruzur horiek ez bezala, edozein ikaslek lor dezakeela arrakasta akademikoa. Hezkuntza-ekitatea ez da utopia bat, baizik eta inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoekin errealitate bihur daitekeen helburu konkretua.
Egilea: Ane López de Aguileta
